Berriak

2026/5/27

Cristina Enea: mende bat donostiarrei irekita

1926ko ekainaren 2tik aurrera, Cristina Enea parkeko ateak zabalik egon dira herritar guztientzat, hil ziren arte finkaren jabe izandako Mandasko duke-dukesaren nahiak betez. Duke-dukesak, Cristina Brunetti y Gayoso eta Fermin Lasala y Collado, ondorengorik gabe hil ziren, eta lursailak Udalari laga zizkioten, herritar guztiek lur horiez goza zezaten. Mendeurrena ospatzeko, Cristina Enea Fundazioak hainbat bisita gidatu antolatu ditu parkean zehar.


Ekainaren 2an lehen mendeurrena beteko da Cristina Enea parkea herritarrei ireki zitzaienetik, jabetza Donostiako Udalaren esku geratu baitzen, Mandasko duke-dukesak hil ondoren. Azken borondate gisa, María Cristina Brunettik y Gayoso de los Cobosek eta Fermín Lasala y Colladok beren jaraunsleei laga zieten finka, eta horiek, era berean, Donostiako Udalari, zeinak 1926tik aurrera Cristitna Eneako parkea eta finka administratzen dituen. Efemeride berezi horrekin bat eginez, Cristina Enea Fundazioak eta Donostiako Udalak hainbat jarduera antolatuko dituzte Mandasko dukeek donostiar guztien gozamenerako utzitako ondarea ezagutarazteko eta balioesteko, hiriaren bihotzean dagoen parke bat eta finka bat, gizartearen, politikaren, kulturaren eta historiaren arorik garrantzitsuenetako baten benetako lekuko.

Fermin Lasala 1917ko abenduaren 17an hil zen, bere emazte Cristina Brunetti Mandasko dukesa hil eta hiru urtera. Lasala jaunak idatzitako testamentuak Madrilgo bere liburutegiaren lagapena jasotzen zuen, eta urrezko toisoi bat Donostiako Udalari, eta Cristina Enearen finka bere jaraunsleei, gozamen moduan, 1918ko martxoaren 27an berretsi zena. Hala ere, 7 urte geroago, José Gayosok eta Virginia Loweryk (Arcoseko dukeak eta Mandasko dukeen jaraunsleak) Udalari jakinarazi zioten Cristina Enea laga nahi zutela, Julián Lojandio albazearen idazki batean jasotzen den bezala. Udalak lagapena onartu eta eskritura formalizatzeko gestioei hasiera emateko baimena eman ondoren, 1926ko maiatzaren 5ean, Donostiako Udalbatzak formalki onartu zuen finkaren lagapena, haren ondasunak eta esleipena, eta alkateari ahalmena eman zion eskritura notario aurrean sinatzeko.

Hala, 1926ko ekainaren 2an, Cristina Enea parkeak ateak ireki zizkien herritarrei, Mandasko duke-dukesek donostiarrek ez zuten "pasealeku-parke bat eskaintzeko" nahia betez.

Cristina Enea Fundazioak lagapen-prozesu hori jasotzen duen dokumentazioa eskuratu ahal izan du, bai eta hainbat dokumentu grafiko ere, herritarrek Cristina Enea bezalako gune batera sartzeko aukera izan zuten lehen egun hartako lekuko.

Mendeurrena ospatzeko jarduerak
Parkearen eta Cristina Eneako finkaren jabetza Donostiako Udalaren esku geratu zenetik lehen mendea bete denez, Cristina Enea Fundazioak egun horretarako hainbat jarduera antolatu ditu Mandasko duke-dukesen ondarea herritarrei hurbiltzeko.

Hala, ekainaren 2, 3 eta 4an bisita gidatuak eskainiko dira Cristina Enea parkean, Mandasko dukeen ondarea ezagutzeko. Eragin handiko bikote hori XIX. mende amaierako Donostiako burgesiaren parte izan zen, eta Cristina Enea, bere udako lursail maitea, bere diseinu eta paisaia-aberastasunagatik gehien miretsi eta bisitatuenetako bat bihurtu zen.

Parkeko ibilaldi honetan, "Cristinaren etxea" nola eraiki zen gogoratuko da eta bertako txoko berezienetako batzuk ezagutuko dira. Bisiten ordutegia honako hau izango da:

  • Ekainak 2, asteartea: 17:00 (euskaraz) eta 18:30 (gaztelaniaz).
  • Ekainak 3, asteazkena: 18:00etan (euskaraz).
  • Ekainak 4, osteguna: 18:00etan (gaztelaniaz).

Bestalde, ekainaren 6an, parkean zehar bisita antzeztuak egingo dira. Bertan, Mandasko dukesaz karakterizatutako aktore batek haren bizitza eta Cristina Eneako finka sortzeko prozesua kontatuko ditu. 1905era bidaiatuko dugu figura dotore horrekin batera, bere bizitzako une garrantzitsuenetan zehar, dukesaren pentsamenduak eta emozioak arakatuz, bere bizileku maitera joaten den bitartean.

Bisita antzeztuen ordutegia honako hau izango da:

  • Ekainak 6, larunbata: 10:30ean (euskaraz) eta 12:30ean (gaztelaniaz).

Cristina Enea Fundazioaren webgunean (www.cristinaenea.eus) eman beharko da izena bi jarduera horietan.

Ekaineko lehen astean programatutako bisita horiez gain, Cristina Enea Fundazioak gogorarazi du herritarrek eskuragarri dutela kontsultarako eta doako deskarga egiteko Mandasko dukesaren bizitza (laburtua) argitalpena (hemen euskaraz eta hemen gazteleraz), Cristina Brunetti Mandasko dukesa izandakoaren bizitzaren xehetasunak biltzen dituena. Carlos Rilova Jericó historialariak egindako argitalpenak XIX. mendearen bigarren erdialdeko eta XX. mendearen hasierako pertsonaia publiko horri buruzko informazioa eman nahi du, Cristina Eneako finkarekin lotura estua baitu.

Argitalpenaren kapituluen bidez, Mandasko dukeen bizitzan zehar Donostiari egindako errepaso historikoa egiten da, baita XIX. mendeko Europan emakume aristokratek izan zuten papera edo garai historiko horretako burgesen eta aristokraten arteko ezkontzak ere, Mandasko dukeak eta, bereziki, Cristina Brunetti dukesa kontakizunaren erdigunean jarriz.