Datozen asteetan, Donostian baso bainuen hainbat proposamen egingo ditu Cristina Enea Fundazioak: otsailaren erdialdean saio bat Ulia mendian eta martxotik ekainera 7 saio Aieteko parkean, euskaraz eta gaztelaniaz. Izen-emateak irekita.
Cristina Enea Fundazioak Donostiako herritarrei zuzendutako baso bainuen eskaintzarekin jarraitzen du, oraingoan proposamen bikoitzarekin. Alde batetik, otsailaren 14an, neguko baso bainua antolatuko da Ulian. Urtaro honetan isiltasuna da nagusi basoan, animalia askok jarduera gutxitzen dute eta behar izanez gero bakarrik ateratzen dira ezkutuan. Gizakiok ere gure ohiturak aldatzen ditugu eta gutxitan aukeratzen dugu negua naturarekin harremanetan egoteko. Neguko baso bainu honekin, urtaro honen magia ahaztua ezagutzera animatu nahi ditugu herritarrak.
Ingurumen zinegotziak, Iñigo Garcíak, horrelako ekimenen garrantzia azpimarratu du, herritarrek beren ingurune naturalarekin duten lotura indartzeko: «Donostia bezalako hiri batean, non natura gure nortasunaren parte baita, funtsezkoa da aukerak sortzen jarraitzea, jendeak modu lasai eta kontzientean konektatu ahal izan dezan berarekin. Baso bainuak tresna baliotsuak dira ongizatea hobetzeko eta, aldi berean, gure naturguneekiko harreman errespetutsuagoa sustatzeko».
Garcíak udal erakundeen arteko lankidetzaren balioa azpimarratu du: «Cristina Enea Fundazioaren eta Donostia Kulturaren arteko elkarlanak erakusten du, ahaleginak batzen ditugunean, programa osoagoak eta eskuragarriagoak eskain ditzakegula. Nahi dugu gero eta jende gehiagok jakitea natura ez dela bisitatu beharreko leku bat soilik, zaindu beharreko espazio bat baizik, eta bertatik ere ikas dezakegula».
Jende askok jarduera edo praktika bitxi batekin lotzen ditu baso-bainuak. Baina errealitatea oso bestelakoa da. Baso-bainuak, edo shinrin yoku japonieraz, ongizate-maila altuak (fisikoak zein mentalak) lortzeko jarduera mota bat dira, duela hamarkada batzuetatik hona munduko hainbat lekutan frogatu dena. «Naturan oinarritutako ongizate-praktika bat da, eta gure estres mailak murriztea eta ongizatea areagotzea lortzen dugu, gure zentzumenen bidez», azaldu du Violeta Torán Basonako arduradunak, urte batzuk baitaramatzate horrelako jarduerak eskaintzen.
Praktika horiek 2 ordu inguru irauten dute, eta edozein naturgunetan egin daitezke (horregatik naturako bainuak ere deitzen zaie). Aditu baten dinamizazioaren bidez, naturan murgiltzen gara, inguratzen gaituen guztiaz jabetzeko: basoko soinuak, aromak, koloreak... Violetaren hitzetan, «baso bainuak ez dira basoan paseatzea edo landareak eta zuhaitzak identifikatzeko jarduerak; praktika horiek haratago doaz eta ongizate-egoera bat eskaini nahi digute, gure estres mailak murriztu, gure sistema immunologikoa indartu eta gure sistema kardiobaskularra hobetu».
Ulian antolatutako saioa otsailaren 14an izango da, larunbata, 9:30etik 11:30era, gaztelaniaz. Izen emateak zabalik hemen.
Egitarau zabalagoa Aieten, Donostia Kulturaren eskutik
Cristina Enea Fundazioak urtaro bakoitzean eskaintzen duen baso bainu saio puntualaz gain, Donostia Kulturarekin lankidetzan programa zabalagoa egiten da Aieteko parkean. Horrela, otsailetik ekainera (euskaraz) eta martxotik ekainera (gaztelaniaz), 7 saio izango dituzten programak garatuko dira, 15 egunean behin (euskaraz larunbatetan eta gaztelaniaz igandeetan). Toranek dio jende asko oraindik ezkor dela baso-bainua egiteko, okerreko ideia baitago zuhaitzak besarkatzera mugatzen den jarduera bitxi samarra dela. «Izan ere, gure saioetan ez ditugu zuhaitzak besarkatzen, egin nahi duenak egin dezakeen arren; aitzitik, gure usaimena, entzumena, ikusmena, ukimena eta gustua erabiltzen saiatzen gara, horrelako praktiketan inguruan izan ohi dugun ingurune naturala hautemateko», dio Toranek.
Donostia Kulturarekin elkarlanean antolatutako saio horietarako izen-emateak esteka honen bidez egin behar dira.