Berriak

2025/5/23 Planeta Dantzan

Planeta Dantzan mugaz gaindiko ekimenak amaiera eman dio aurtengo edizioari, \'Urtaroak\' obra eskolei eskainita Biarritzen

Iñigo García Villanueva Ingurumeneko zinegotzi ordezkariak Aldapeta María Donostiako ikastetxean bisitatu du Planeta Dantzan proiektuan parte hartzen duen eskola-taldeetako bat, Cristina Enea Fundazioak, Biarritzeko Malandain Baletak eta Iruñeko Baluarte Fundazioak bultzatutako mugaz gaindiko ekimena, hiru lurraldeetako (Euskadi, Akitania Berria, Nafarroa) ikasleen artean ingurumen-balioak sustatzeko gorputz-adierazpenaren eta dantzaren bitartez.

Bisitan, Garciak adierazi duenez, honelako ekimenek «hiru lurraldeetako ikasleen artean harremanak estutzeko aukera ematen dute, elkarrekin helburu komun batean lan egiten duten bitartean: dantzaren bidez ingurumen-sentsibilizazioa eta -kontzientziazioa sustatzea, gure emozioen adierazkortasunari lotutako diziplina baita». Garciak Bigarren Hezkuntzako talde hau bisitatu du Maddi Gaztelumendi dantzariak zuzendutako saio koreografiko batean parte hartzen zuen bitartean.

'Planeta Dantzan' proiektua 2018an sortu zen, gure emozioetara iristeko eta erreakzio bat eragiteko helburuarekin, obra artistikoetan oinarrituta. Horrela, aukeratutako diziplina dantza da, kultura- eta hizkuntza-oztopoak gainditzen dituen arte primarioa eta unibertsala, edozein pertsonak parte har dezakeena, eta elkarbizitzarako bektore aparta, batzen gaituzten interdependentzia-harremanak mugimendu batzuekin modu erraz eta intuitiboan aditzera ematea ahalbidetzen duena.

Hasieratik, eta bakoitzak bere esperientzia positiboarekin, proiektu honetan parte hartzen duten bazkideek bat egiten dute programa aitzindari eta berritzaile batean, ikasleak ingurumenaren ezagutzan eta babesean sentsibilizatzeko, ezagutza zientifikoak eta artistikoak partekatuz eta arrazionaltasuna eta emozionaltasuna lotuz. Proiektu honek ingurumen-hezkuntzako eta arte-sorkuntzako eragileen arteko lankidetza berezia du.

'Planeta Dantzan' ikasturte bakoitzean obra koreografiko baten ingurukoa da. Horrela, ikasturte honetan ikasleek Vivaldiren 'Urtaroak' obrara hurbilketa bat egin dute.

Proiektu honek ingurumen-sentsibilizazioko eta dantzara hurbiltzeko saioak biltzen ditu, ingurumen-hezkuntzako eta dantzako profesionalek ikastetxeetan egindakoak, bai eta ikasturtean landutako obraren eskola-pase bat ere. Eskola emanaldi hau atzo, maiatzaren 22an izan zen, Biarritzeko Gare du Midi Antzokian, eta aurten parte hartzen duten eskola talde guztiak bertaratu ziren, hiru lurraldeetako 800 ikasle guztira, Biarritzeko Malandain balleteko dantzari profesionalek interpretatutako 'Urtaroak' obraren emanaldiaz gozatzeko aukera izan zutenak.