Berriak

2025/4/15

Hondaleak ateak irekiko ditu berriz Aste Santuko oporraldian

Cristina Iglesias artista donostiarraren Hondalea obra, Santa Klara uhartean kokatua, Aste Santuko oporretan egongo da zabalik. Apirilaren 17tik 27ra, biak barne, egunean zazpi bisita programatu dira, iaz baino bi gehiago, eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik erreserba egitea.

Donostiako Udaleko Ekologia zinegotziak, Iñigo Garcíak, nabarmendu duenez, «Cristina Iglesiasen lana irlan ikustera hurbiltzea esperientzia handia da, kokatuta dagoen inguruneagatik eta Donostiako itsaslabar batean olatuen apurketa zehatz-mehatz islatzen duen eskultura bat ikusteak pizten dituen sentsazioengatik. Programatutako bisitek kopuru mugatua eta kontrolatua dute, irlan masifikaziorik egon ez dadin, Santa Klarako ingurune naturalari eta bertan bizi den faunari ahalik eta kalte txikiena eragiteko».

Aurreko urteetan bezala, bisita bakoitzeko gehieneko edukiera 20 pertsonakoa izango da. Aurreikuspenen arabera, gehienez 1.540 pertsonak hartuko dute Hondalea oporraldi horretan. Bisita-orduak aurreko urteetako bisitarien fluxura egokitu dira 2025ean, zehazki eskari gehien izan zen tarteetara. Horrela, bisitak egunaren erdiko orduetan kontzentratuko dira, 12:30etik 15:30era, ordu erdiro.

Sarrerak doakoak dira, baina pertsona bakoitzak itsasontziaren txartela erosi beharko du irlara joan ahal izateko (sarrerak Donostiako portuan bertan daude eskuragarri), Hondalea bisitatu nahi duen ordutegiaren arabera. Motoraren prezioa 4 eurokoa da pertsonako, eta 7 eurokoa badian bueltako ibilaldi luzeagoa egin nahi dutenentzat.

Hondaleako bisitak itsasoaren egoerak baldintzatzen ditu, eta bertan behera geratzen dira baldintza txarreko egunetan. Itsasoaren egoerari eta motoraren funtzionamenduari buruzko informazio guztia Motoras de la Isla enpresak emango du, 943 000 450 telefonoan.

Gainerako kontsultetarako, Donostiako Udalak telefono zenbaki bat eta posta elektroniko bat jarriko ditu herritarren eskura Hondalea irekitzen den egunetan: 943 48 11 66/ [email protected].

2024ko Aste Santuko datuak
Iazko udaberriko oporretan 11 egunez bisitatu ahal izan zen Hondalea, martxoaren 28tik apirilaren 7ra, biak barne, baina itsaso txarra zela eta, bi egunez bertan behera utzi ziren bisita guztiak.

Horrela, udaberriko oporretan 401 bisitari izan ziren, eskainitako plazen % 44 baino zertxobait gehiago. Generoaren arabera, 10 bisitaritik 6 emakumeak izan ziren. Gainera, bisitari gehienak donostiarrak izan ziren ( % 70) eta bisitarien batez besteko adina 23 eta 60 urte bitartekoa izan zen ( % 52).