Berriak

2026/3/3 Cristina Enea Fundazioa

Parketik Parkera. Donostiako parkeak gertutik ezagutzeko proposamen berriak

Datorren martxoan amaituko den 'Parketik Parkera' proiektuaren lehen edizioaren ondoren, Cristina Enea Fundazioak ekimenaren jarraipena eta bigarren edizioa non egingo den aurkeztu du, urtaro bakoitzean bisitak eginez.


Joan den 2025ean eta 2026 honen hasieran garatu zen Parketik parkera proiektuaren lehen edizioari jarraipena emanez, Cristina Enea Fundazioak hiriko beste 4 parke eta ingurune naturaletara beste horrenbeste bisita egingo ditu, Donostiako familiak naturarekiko harremana elkarrekin ezagutu eta goza dezaten gonbidatuz. Horrela, urtaro bakoitzean behin egingo diren bisita horiek berdeguneetara eta bertako txoko eder eta enblematikoenetara hurbilduko gaituzte.

Lehenengo edizioa neguari dagokion irteerarekin amaituko da, eta martxoaren 7 eta 8ko asteburuan izango da, Ulia mendiaren inguruak bisitatuz. Bertan, bere historia ezagutzeaz gain, parte-hartzaileek bertako txoko ederrenak arakatuko dituzte, eta familian jolasteko aukera izango dute. Martxoaren 7an irteera euskaraz izango da, eta martxoaren 8an, igandea, gaztelaniaz. Izen emateak zabalik hemen.

Ingurumen zinegotziak, Iñigo Garciak, ekimenaren balio hezitzaile eta soziala azpimarratu du: «Parketik Parkera-k natura ez dagoela urrun gogorarazten digu: hemen bertan dago, gure auzoetan, gure parkeetan eta gure eguneroko bideetan. Gune horiek familiei hurbiltzea hiriarekiko lotura sendotzeko modu bat da, hura zaintzen ikasteko modu bat, eta txikienei gure ingurunea zaintzearen garrantzia transmititzeko modu bat. Donostiak aparteko ondare berdea du, eta herritarrek ondare hori bizitzea, sentitzea eta gozatzea nahi dugu».

Uxua Arana Cristina Enea Fundazioko ingurumen-hezkuntzako taldeko kideak azaldu duenez, kokapen horien aukeraketa ingurumen- eta kultura-irizpideen araberakoa da: «Aberastasun natural handiko espazioak dira, baina baita historikoak ere; irteeraz gozatzeaz gain, familiek hain hurbil dauden eta, batzuetan, hain ezagunak ez diren ingurune horien alderdi ezezagunak aurkitzea nahi dugu».

Ekimenak hiri-parkeak balioetsi nahi ditu, hirien eta bertako biztanleen ongizatean funtsezko papera betetzen baitute. Berdeguneek erlaxatzeko eta naturaz gozatzeko aukera ematen diete hormigoiz estalitako hirietan bizi eta lan egiten dutenei.

Donostiak, zorionez, 21 metro koadroko azalera berdea du biztanleko, OMEk bizi-kalitatearen adierazle gisa ezartzen duen batez bestekoaren ia bikoitza. Altxor indibidual eta kolektiboa, guztioi dagokiguna, kasu batzuetan gure arbasoengandik jaso duguna, kasu askotan, sortu ahal izan duguna eta datozen belaunaldiei oinordetzan utziko dieguna.

Data eta kokapen berriak
2025/2026 edizioaren ondoren, Cristina Enea Fundazioak 2026/2027ari dagokiona aurkeztu du, kokapen berriekin, guztiak ere ingurumen- eta historia-aberastasun handikoak. Horrela, udaberriari dagokion lehen irteerak Lauaizeta parkea izango du protagonista, udakoak Santa Klara uhartea, udazkenekoak Miramon parkea eta bigarren sortako azkenak, 2027ko neguan, Cristina Enea parkea (data zehatzei buruz unean-unean infornatuko da, Cristina Enea Fundazioak urtaro bakoitzean aurkezten duen jarduera-agendan).

Aipatu behar da berdegune horiek benetako babesleku klimatikoak direla pertsona eta animalientzako muturreko eguraldi garaian, eta hiriko zaratak moteltzeko lekuak eskaintzen dituztela, Donostiako Udalak 2022an egin zuen Zarataren Mapa Estrategikoan islatzen den bezala.

Horrela, 'Parketik Parkera' ekimenak Donostiako parkeak hobeto ezagutzera eta beste modu batera gozatzera gonbidatzen gaitu. Horretarako, irteera hauetan parke bakoitzaren historia ezagutu eta bertako txoko ederrenak arakatzeaz gain, familian arakatu eta jolasteko aukera ere izango dugu.