Hedabide eta plataforma digitaletan krisi klimatikoari nola heltzen zaion aztertu ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gureiker taldeko Ángela Alonso Jurnet ikertzaileak aukera-dekalogo batean jaso ditu komunitate zientifikoak, herritarrek eta aktibismo klimatikoak baliatzen dituzten estrategia eraginkorrenak.
Krisi klimatikoa bilakatu da XXI. mendeko erronkarik handiena. Komunitate zientifikoa bat dator: berotze globala inoiz ez bezalako erritmoan ari da aurrera egiten, eta erakundeen eta gizartearen erantzunak urriegiak dira oraindik ere. Ángela Alonso Jurnet Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gureiker taldeko ikertzaileak aztertu du nola komunikatzen den krisi klimatikoa hedabide eta plataforma digitaletan (TikTok, X, Instagram, kazetaritza digitala eta abar), eta, analisi horretan oinarriturik, estrategia eraginkorrak eta aukerak identifikatu ditu komunitate zientifikoaren, herritarren eta klimaren aldeko ekintzaileen arteko elkarrizketa indartzeko. Ikertzaileak, bere aurkikuntza nagusien sintesi gisa, Krisi Klimatikoa Ekosistema Digitalean Komunikatzeko Aukeren Dekalogoa proposatzen du. Agiri horretan, komunikazio eraldatzailea bultzatzeko etorkizun oparoena duten gakoak biltzen ditu.
Interkonektatutako eta informazioz betetako mundu batean, komunikazioa da erantzun klimatikoaren muina. Plataforma digitalek inoiz ez bezalako aukera-espazio bat sortu dute; izan ere, muga guztien gainetik jakintza zientifikoa zabaltzeko, komunitateak eratzeko eta narratiba kolektiboak sortzeko aukera ematen dute. Nolanahi ere, ingurune horrek baditu erronka garrantzitsuak ere. Desinformazioak, polarizazioak eta informazio-nekeak desegin egin ditzakete funtsezko mezuak, eta axolagabekeria elikatu.
Eraldatzeko komunikatzea
Alonso doktoreak bere azterketan nabarmendu duenez, “inportantea da soluzio eta eduki propositiboak komunikatzea eta katastrofismora ez jotzea. Oso garrantzitsua da krisi klimatikoari buruz mintzatzea, baina ez haren ondorioak hizpide hartuta, baizik eta soluzio posibleetan zentratuta”. Ikertzaileak azpimarratu du, orobat, beharrezkoa dela “komunitatea sortzea, hau da, eduki digital hori kontsumitzen duten pertsonek sentitu behar dute badela komunitate bat atzean, interakzioaren, gai komunen edo kontakizun komun bat sortzearen bidez”. Horretaz gainera, Alonsok nabarmendu du “emozioarekin konektatzen diren formatuak” erabili behar direla. “Ingurune digitaleko hizkuntza bisualek eta narratiboek herritarren enpatia eta inplikazioa eragiten dituzte”.
Bidezko trantsizio ekosozialaren ikuspegia gero eta pisu handiagoa ari da hartzen ikertzaileen eta aktibisten artean. Ikuspegi horrek planetan bizitzeko modua errotik berrantolatzea proposatzen du, muga ekologikoen barruan bizi-baldintza duinak bermatzera bideratuta. “Trantsizio horrek eskatzen du pertsonek eta komunitateek berraktibatu egin behar dutela beren ingurunean eragiteko eta behar diren eraldaketetan aktiboki parte hartzeko gaitasuna. Krisi klimatikoaren garaiotan, erabakigarria da ekiteko ahalmena izatearen sentsazioa berreskuratzea, hori baita ingurumen-diskurtsoarekin batera maiz agertu ohi diren fatalismoa eta paralisia borrokatzeko bidea”, azaldu du Ángela Alonsok.
EHUko ikertzaileak iradoki duenez, “aukeretatik abiatuta jardutea oso modu garrantzitsua da trantsizio ekosozial bidezko horri heldu ahal izateko. Egungo arazo nagusietako bat da erabiltzaile askok saihestu egin ohi dituztela krisi klimatikoari buruzko albisteak; izan ere, etsipena sortzen diete, iruditzen zaie ezin dutela egin ekarpenik edo arazo handiegia dela beren ekintzen bidez lagundu ahal izateko”.
Jarraitu jatorrizko albistea irakurtzen hemen.