Datorren azaroaren 20an, osteguna, zientzia eta artea uztartuko dituen solasaldia izango da Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean, Nisa Goibururen eta Ricardo Díez Muiño Donostia International Physics Centerreko zuzendariaren eskutik. Ekitaldia arratsaldeko 18:30ean hasiko da eta jendearentzat zabalik egongo da.
Latires erakusketak Nisa Goiburu artista ordiziarraren lana gertutik ezagutzeko aukera ematen digu egunotan. Margolaritza, poesia edo eskultura bezalako diziplinak lantzen dituen egile polifazetikoa da, naturarekin eta geometriarekin lotura estua duena. Latires "presazko eta deskonexiozko garai hauetan gelditzeko gonbidapena" da, une batez naturarekin dugun funtsezko loturari buruz hausnartzeko. Erakusketa abenduaren 10era arte egongo da zabalik Donostiako Ingurumen Baliabideen Etxean, Cristina Enea parkearen goiko aldean.
Azaroaren 20an, osteguna, arratsaldeko 18:30etik aurrera, Nisa Goiburuk Ricardo Díez Muiño Donostia International Physics Centerreko zuzendariarekin partekatuko ditu bere usteak eta esperientziak, solasaldi interesgarrian. Formatu gogoetatsu, atsegin eta kritikoan, arteak eta zientziak eskaintzen dizkiguten ikuspegi osagarrietatik abiatuta, naturarekin dugun harremana birpentsatzeko balioko digu topaketak.
Nisa Goiburu artistak azaldu duenez, bera artearen bidez sartu zen geometrian: "elkarrekin lotutako posibilitateen mundu batera iristeko edo ikusten denaren eta ikusezinaren bi munduak adierazteko modua zen, dimentsio anitzekoa sentitu nintzen arte. Horregatik, gaur egun arte irauten duten galderen munduan sakondu nuen: Nola adierazten du zientziak artea? Zer dago arnasketaz haratago artean eta zientzian? Ba al du mugarik unibertsoak?".
Latires-ek pintura, eskultura eta poesia narratiboa uztartzen dituzten berrogeita hamar lan inguru biltzen ditu. Testu poetikoak Goibururenak berarenak eta Joaquín Araujo naturalista eta idazlearenak dira, erakusketa honetan beren-beregi parte hartu duena. "Koadro bakoitza biziari, zeharkatzen gaituzten pultsuei egindako deia da: giza taupada, haizearen xuxurla, itsasoko olatuak, landareen ernamuina edo urtaroen betiereko zikloa" azaldu du egileak.
Topaketa horretaz gain, Latires erakusketak, bere jarduera paraleloen proposamenaren barruan, bisita gidatu bat ere antolatzen du, datorren larunbatean, azaroak 15, arratsaldeko 17:30ean (euskaraz) egingo dena. Artistak zuzenean partekatuko ditu bere sortze-prozesua, bere lanek sorrarazten dituzten emozioak eta erakusketa artikulatzen duen narratiba. Artistaren arimara eta haren sormen-unibertsoaren sekretuetara hurbiltzeko esperientzia berezia da. Bisita gidaturako izen-emate irekiak hemen.