Datorren asteburuan, "Parketik parkera" irteeren saio berri bat egingo da. Bertan, hiriko parke esanguratsuenez gozatzen dugu familian eta bertako ingurumen- eta kultura-aberastasunak ezagutu. Udazkeneko ediziorako, Miramon izango da protagonista. Izen-emateak irekita hemen.
Hiri-parkeek funtsezko zeregina dute hirien eta bertako biztanleen ongizatean, berdeguneek erlaxatzeko eta naturaz gozatzeko aukera ematen baitigute hormigoiz estalitako hirietan bizi eta lan egiten dugunoi. Parketik parkera ekimenak Donostiako parkeak ezagutzeko eta gozatzeko gonbita egiten die herritarrei. Horretarako, irteera hauetan parke bakoitzaren historia ezagutu eta bertako txoko ederrenak arakatzeaz gain, familian jolasteko aukera ere badugu.
Iñigo García Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, «parkeak osasunerako eta topaketarako guneak dira, baina hiriaren historiaren zati handi bat gordetzen dute. Miramon horren adibide ona da, eta irteera hauek aukera ematen dute familiek gertutik ezagutzeko eta zaintzen ikasteko».
Eta horrela izango da datorren asteburuan, oraingo honetan Miramongo parkea bisitatuko baitugu. «Miramongo parkea oso zabala denez, oraingoan zati txiki bat baino ez dugu bisitatuko», azaldu du Uxua Aranak, Cristina Enea Fundazioko hezkuntza-teknikariak eta jarduera honen diseinuaren arduradunak. «Bisita Katxola baserri-dolarearen kanpoaldean hasiko da, sagarrarekin lotura handia duen lekuan, eta han, inguruko 200 sagarrondo baino gehiago zeharkatzeko aukera izango dugu, fruta horrek hiriko gizarte-bizitzan izan duen garrantzia ezagutzeko».
Jarduerak aukera emango digu, halaber, jende askok anfiteatro modu okerrean deitzen dion Miramongo antzokia ezagutzeko. Bertan, «akustikako proba oso interesgarriak» egingo ditugu, Pakea ibaiaren ingurua eta ibaiertzeko basoa, putzu txiki bat eta antzinako garbitegi baten hondakinak bisitatzeaz gain. Zorte pixka batekin, «ingurune horretan bizi diren hainbat animalia-espezie ikusi ahal izango ditugu, hala nola anfibioak», adierazi du Aranak, eta gaineratu du jarduera didaktikoak ere egingo direla gazteenekin, espezie horien bizi-zikloa ezagutzeko, esaterako.
Bisitaldia familiei zuzenduta dago (edo haurrez lagundutako pertsona helduei), eta gaztetxoei esploratzaile txiki bihurtzeko materiala eskainiko zaie, eroritako zuhaitzen enborren gainean bizia bilatuz eta zuhaitzek udazkenari aurre egiteko dituzten estrategiak ezagutuz.
«Txikienak naturara ukituz, behatuz eta jolastuz hurbiltzea da bizitzeko duten ingurunea baloratuz hazteko modurik onena», gaineratu du Garciak.
Saioak azaroaren 28an, larunbata, 11:00etan (gaztelaniaz), eta azaroaren 29an, igandea, 11:00etan (euskaraz) izango dira.
Izen-emateak irekita hemen.