Berriak

2026/4/22 Erakusketak

Cristina Eneako erakusketa batek Aurora Bengoechea artistaren ondarea eta ingurune naturalarekin zuen lotura berreskuratu ditu

'Elkarrizketa bat paisaiarekin' erakusketarekin, Cristina Eneak Aurora Bengoechea artistaren lan adierazgarrienak bildu ditu. Aurora Bengoechea Palentzian jaio zen, baina Donostian bizi izan zen, eta lotura handia izan zuen Gipuzkoako hiriburuarekin. 1991n hil zen artistak bere ikuspegi eta hizkuntza propioa eskaintzen du erakusketa honetan, eta, horren bitartez, giza harremanei, hiri handietako kutsadurari eta gizakia naturara itzultzeari buruzko gogoeta egiten du.


Aurora Bengoechea (Palentzia, 1943 – Donostia, 1991) artistaren ezaugarri nagusiak erresilientzia eta pertseberantzia izan ziren. Mª José Aranzasti Elkarrizketa bat paisaiarekin erakusketaren komisarioak azaltzen duenez, Bengoechea «txikitatik egon zen artearen eta pinturaren munduarekin lotuta, eta argi izan zuen artista profesional bihurtu nahi zuela». Hala, irakasle-ikasketak Orion eta Errenterian irakasle izateko aukera eman zion arren, artearekiko zuen grinak Londresera eraman zuen Arte Ederrak ikastera, Chelseako Royal College of Art ospetsuan. Hortik aurrera, bere bizitza artera eta pinturara bideratu zen, bere heriotza goiztiarrak etorkizun handiko ibilbide hori eten zuen arte. Erresuma Batuko hiriburuan egindako egonaldiari esker, Londresko arte- eta gizarte-zirkuluetan sartu ahal izan zen, eta horrek bere arte-kalitate bikaina aberastu zuen.

Iñigo García Ingurumen zinegotziaren hitzetan, «erakusketa hau oso modu naturalean egokitzen da Cristina Enearen nortasunarekin, kulturaren eta naturaren arteko hausnarketarako gune gisa. Aurora Bengoechearen lanak gogorarazten digu paisaia ez dela agertoki pasibo bat, baizik eta organismo bizi bat, non elkar ezagutzen dugun eta haren parte garen. Hiriari, kutsadurari eta naturara itzultzeari buruz duen begiradak lotura zuzena du gaur egun gizarte gisa ditugun ingurumen-erronkekin».

Aranzastik, bere aldetik, azaldu du Bengoechearen obran funtsezko hiru etapa aurki ditzakegula: lehena, 1960tik 1980ra, Julián Ugarte bezalako maisuen eragina izan zuena. Baina hurrengo bi etapetatik aurrera, 1980tik 85era eta 85etik 1991ra bitartean, garatu zituen Bengoecheak hizkuntza eta estilo propioak. Azken bi etapa horiek dira, hain zuzen ere, datorren ekainaren 14ra arte Cristina Enean ikusgai egongo den erakusketan ikusgai daudenak. «Bere lanetan paisaiak eta mendiek presentzia esanguratsua dute, eta Aurorak giza gorputz eta aurpegi gisa interpretatzen ditu, kolore oso biziekin, harreman pertsonalei, bizikidetzari eta gizakia naturara itzultzeari buruz hausnartzeko», adierazi du Aranzastik, eta gaineratu du «ingurune naturalaren planoen eta giza irudien konplexutasunak sakontasun eta pisu artistiko bikaina ematen dietela bere lanei».

60 koadro baino gehiagok eta bere egunkari pertsonalak jasotzen dituzten koaderno batzuek, margolariaren bizitza, lana eta ibilbidea ilustratzen duen ikus-entzunezkoaz gain, osatzen dute Bengoechearen aberastasun artistikoari eta estilo anitzei balioa eman nahi dien erakusketa. Bengoechearen ondare piktorikoa bilduma pribatuetan, San Telmo bezalako museoetan edo Gipuzkoako Foru Aldundiaren moduko erakundeetan dago. «Aurora euskal artearen historian txertatuta dago, eta orain herritarrek bere lana ezagutzeko aukera dute, erakusketa honi esker», laburbildu du komisarioak.

Bisita gidatuak
Erakusketa Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean bisitatu ahal izateaz gain, herritarrek Bengoechearen bizitza eta obrara hurbilketa bat egin ahal izango dute, Mª José Aranzastik berak erakusketari eskainiko dizkion hainbat bisita gidaturi esker. Guztira lau bisita izango dira jarraian zehazten diren egun eta orduetan:

  • Apirilaren 25ean, 17:00etan.
  • Apirilaren 26an, 12:00etan.
  • Maiatzaren 16an, 17:00etan.
  • Maiatzaren 17an, 12:00etan.

Bisita gidatuetan parte hartu ahal izateko, aldez aurretik izena eman beharko da esteka honen bidez.