Jende askok jarduera edo praktika bitxi batekin lotzen ditu baso-bainuak. Baina errealitatea oso bestelakoa da. Baso-bainuak, edo shinrin yoku japonieraz, ongizate-maila altuak (fisikoak zein mentalak) lortzeko jarduera mota bat dira, duela hamarkada batzuetatik hona munduko hainbat lekutan frogatu dena. "Naturan oinarritutako ongizate-praktika bat da, eta gure estres mailak murriztea eta ongizatea areagotzea lortzen dugu, gure zentzumenen bidez", azaldu du Violeta Torán Basonako arduradunak, urte batzuk baitaramatzate horrelako jarduerak eskaintzen.
Toranek dio jende asko oraindik ezkor dela baso-bainua egiteko, okerreko ideia baitago zuhaitzak besarkatzera mugatzen den jarduera bitxi samarra dela. "Izan ere, gure saioetan ez ditugu zuhaitzak besarkatzen, egin nahi duenak egin dezakeen arren; aitzitik, gure usaimena, entzumena, ikusmena, ukimena eta gustua erabiltzen saiatzen gara, horrelako praktiketan inguruan izan ohi dugun ingurune naturala hautemateko", dio Toranek.
Praktika horiek 2 ordu inguru irauten dute, eta edozein naturgunetan egin daitezke (horregatik naturako bainuak ere deitzen zaie). Aditu baten dinamizazioaren bidez, naturan murgiltzen gara, inguratzen gaituen guztiaz jabetzeko: basoko soinuak, aromak, koloreak... Violetaren hitzetan, "baso-bainuak ez dira basoan paseatzea edo landareak eta zuhaitzak identifikatzeko jarduerak; praktika horiek haratago doaz eta ongizate-egoera bat eskaini nahi digute, gure estres mailak murriztu, gure sistema immunologikoa indartu eta gure sistema kardiobaskularra hobetu".
Hurrengo basoko bainu saioa Ulia mendian egingo da azaroaren 17an, euskaraz, eta izen-emateak zabalik daude hemen.