Berriak

2026/4/21 Uliako Interpretazio Zentroa

Baso-bainuak Ulian: murgil zaitez naturan

Cristina Enea Fundazioak hainbat urte daramatza Ulia mendian baso-bainuak antolatzen. Jarduera horietan parte hartzen duten pertsonei ongizate-mailak lortzeko aukera ematen die, naturguneekin harremanetan jarriz. Hurrengo saioa igandean izango da, apirilaren 26an, euskaraz. Izen-emateak irekita.


Jende askok jarduera edo praktika bitxi batekin lotzen ditu baso-bainuak. Baina errealitatea oso bestelakoa da. Baso-bainuak, edo shinrin yoku japonieraz, ongizate-maila altuak (fisikoak zein mentalak) lortzeko jarduera mota bat dira, duela hamarkada batzuetatik hona munduko hainbat lekutan frogatu dena. 

Iñigo García zinegotziak hirian horrelako ekimenek duten garrantzia azpimarratu du: «Donostian etxetik minutu gutxira balio handiko naturguneak ditugu. Baso bainuak bezalako jarduerek gogorarazten digute natura ez dela paisaia hutsa, guztion eskura dagoen osasun- eta ongizate-baliabidea baizik. Udalak gure ingurunearekin konektatzen eta zaintzen lagunduko diguten proposamenak bultzatzen jarraitu nahi du». Garcíak, gainera, jardueraren izaera inklusiboa eta eskuragarria azpimarratzen du: «Edozein adin eta egoera fisikotarako pentsatutako esperientzia da, profesionalek gidatua eta errespetuzko ikuspegi patxadatsuarekin. Hori probatzera animatzen ditugu herritarrak, batez ere inoiz antzeko zerbaitetan parte hartu ez dutenak. Askotan, basoa gelditze eta entzute hutsak aldaketa sakona eragiten du sentitzen dugun moduan».

Violeta Torán Basona elkarteko kidea da, eta hark du saio hauek zuzentzeko ardura. Bere esanetan «naturan oinarritutako ongizate-praktika bat da, eta gure estres mailak murriztea eta ongizatea areagotzea lortzen dugu, gure zentzumenen bidez».

Toranek dio jende asko oraindik ezkor dela baso-bainua egiteko, okerreko ideia baitago zuhaitzak besarkatzera mugatzen den jarduera bitxi samarra dela. «Izan ere, gure saioetan ez ditugu zuhaitzak besarkatzen, egin nahi duenak egin dezakeen arren; aitzitik, gure usaimena, entzumena, ikusmena, ukimena eta gustua erabiltzen saiatzen gara, horrelako praktiketan inguruan izan ohi dugun ingurune naturala hautemateko».

Praktika horiek 2 ordu inguru irauten dute, eta edozein naturgunetan egin daitezke (horregatik naturako bainuak ere deitzen zaie). Aditu baten dinamizazioaren bidez, naturan murgiltzen gara, inguratzen gaituen guztiaz jabetzeko: basoko soinuak, aromak, koloreak... Violetaren hitzetan, «baso-bainuak ez dira basoan paseatzea edo landareak eta zuhaitzak identifikatzeko jarduerak; praktika horiek haratago doaz eta ongizate-egoera bat eskaini nahi digute, gure estres mailak murriztu, gure sistema immunologikoa indartu eta gure sistema kardiobaskularra hobetu».

Hurrengo saioa igandean izango da, apirilaren 26an, euskaraz. Izen-emateak irekita hemen.