Urumea ibaiak jende gutxik ezagutzen dituen txokoak ezkutatzen ditu. Horiek deskubritzeko eta haien ingurumen- eta historia-aberastasunari buruz gehiago ikasteko, uretatik kanoa-irteerak egitea proposatzen dizugu. Maiatzare 30 eta 31n egingo ditugu (larunbatean, 10:30ean, euskaraz, eta igandean, ordu berean, gazteleraz), Arrauning enpresarekin lankidetzan. Arrauning duela urte batzuetatik ari da Urumeako uretan, traineruetan, kanoetan eta beste ontzi mota batzuetan sartu-irtenak egiten, ibaiaren alderik ezezagunena ezagutarazteko.
Unai Elizasu Arrauningeko arduradunak azaldu duenez, irteera hauek jende askori balio diote "hiria beste ikuspuntu batetik ezagutzeko, zeharkatzen duen ibaiko uretatik, Martutenetik eta Loiolatik Kursaal ondoko bokaleraino". Urumea Ezkurrako mendialdean (Nafarroa) jaiotzen da, eta Donostiatik igarotzean ikuskizun apartak eskaintzen dizkigu, "dortokak, arrainak eta itsas hegaztiak, kaioak eta ubarroiak adibidez, ikusiko ditugu, baita itsas txakurren bat ere, akaso, duela pare bat urte gertatu zen bezala", Elizasuk gogoratzen duenez.
Urumea balio handiko naturgunea da, eta sarritan oharkabean pasatzen da herritarrentzat eta Donostia bisitatzen duten pertsonentzat, agian hiru hondartzek eklipsatuta, baina ingurumen- eta historia-aberastasun paregabea ezkutatzen du. "Leku magikoa da, ingurune natural aberatsa eta historia handikoa". Izan ere, Elizasuk dioenez, garai batean familia aberatsek "luxuzko yateekin nabigatzen zuten bertako uretan".
Programatutako irteeretan, parte hartzen duten pertsonek, Urumeako ur lasaietan arraun egiteaz eta hiria eta bere ingurua beste ikuspegi batetik behatzeaz gain, "ontziraleku zaharrak eta ibai ertzeko baserriak bisitatuko dituzte, hilero kolorez aldatzen den paisaian murgilduz".
Irteeretan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik hemen izena ematea.