Urgullen dagoen Natur Txokoa, naturaren gela berezia da. Bere helburua da ingurumen-aberastasun handia duen kokagune historiko honetatik naturarekiko errespetua sustatzea, aisialdiko jarduera didaktikoen bidez. Garai batean Napoleonen Goardiarenak izan ziren azpiegitura hauetan, haurrentzako tailer eta jarduera sortzaileak antolatuko dira egunero.
Lekua: Urgulleko Natur Txokoa
> Martxoak 31 - Graxi garraxi [4-7 urte]
Hiriko nekazari afizionatu txiki bihurtuko gara tailer honetan. Nekazaritzari buruzko zenbait kezka argitu eta etxeko balkoi eta terrazak hiriko baratze txikiak bihurtu daitezen ideiak emango dizkizugu. Modu honetan, lurrarengana gerturatzeko eta naturaren zikloak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dugu.
> Apirilak 1 - Urgull zentzu handiz [5-10 urte]
Ibilbide honetan zentzumenak erabiliko ditugu orain arte gure aurrean oharkabean geratu diren landare eta animalien ezaugarriez ohartzeko. Ibilbidean zehar topatzen ditugun zuhaitzak eta landareak modu ezberdinean aztertzen dira, horien
ezaugarriak ikusteaz gain, usainetan, enborren eta fruituen ukimenean erreparatuz.
> Apirilak 7 - Airearekin jolasean [5-10 urte]
Jarduera honetan airea zer den eta bere garrantziaz jabetzea bilatzen dugu, saiakera eta esperimentu desberdinen bidez. Airearekin jolasteko aukera ere izango dugu baita ere, koloretako parakaidas handi bat erabiliz eta airez betetako puxikekin. Tailerrari amaiera emateko plastikozko poltsak berrerabiliz kometa dotore bat egiteko aukera izango dute familiek elkarrekin.
> Apirilak 8 - Altxor ezkutuaren bila [5-10 urte]
Orain dela urte asko eta asko pirata abenturazale bat iritsi zen Urgull mendira bere etsaiengandik ihes egiten. Bere tipulazioarekin batera mendi eder honetan babestea erabaki zuen, eta bertan, baso eta arroken artean, bizileku lasaia aurkitu zuen. Kondairak dio Itsaso Motots Urdin kapitain piratak bere altxorrik handiena hemen ezkutatu zuela. Bilatuko al dugu elkarrekin?
> Gainontzeko egunetan: Zaharrak berri, berrerabili! eta Artistak naturan
Atera barruan duzun artista sen hori eta zatoz Natur Txokora eskuekin lan egitera. Material naturalak eta birziklatutako elementuak erabiliko ditugu jostailu eta artelan desberdinak egiteko. Natur Txokoa leku ezin aproposagoa da inspirazioa bilatu eta sortzeko. Bertan, behar duzun material guztia izango duzu zure erritmora eskulanetan ibiltzeko.