Berriak

2026/10/27 Ingurumen albisteak

Munduko % 0,1 dirudunenek 3.500 milioi txiroenek adina kutsatzen dute

Enpresarik kutsatzaileenei eta dirudunenei zergak handitzeko eskatu du Oxfam erakundeak, eta Hegoalde Globalaren klima finantzaketa handitzeko, haren zorra handitu gabe. Jatorrizko albistea eta irudia: www.berria.eus.


Kutsaduraren eta karbono isurien alorrean, arrakala handiak daude. Arrakala horiek sexuaren araberakoak izan daitezke, herrialdearen araberakoak, eta klasearen araberakoak, frogatuta baitago batez beste gizonek emakumeek baino gehiago kutsatzen dutela eta Iparralde Globaleko herrialdeek Hegoaldekoek baino karbono gehiago isurtzen dutela atmosferara. Bada, arrakalarik ezagunenetako bat dirudunen eta txiroenen artekoa da, eta hori bera berretsi du Oxfam Intermon gobernuz kanpoko erakundeak: munduko %0,1 dirudunenek —zortzi milioi pertsonak— 3.500 milioi txiroenek adina karbono isurtzen dute atmosferara.

Urtero aztertu ohi du erakunde hark zer-nolako desoreka dagoen karbono isuriei dagokienez, eta, azaldu dutenaren arabera, 1990. urtetik hona munduko %1 dirudunenek isuri guztien %20 eragin dituzte. Kalkulatu dutenez, %1 horien urtebeteko isuriek sortu duten gehiegizko beroaren ondorioz ia bi milioi pertsona gehiago hil dira; 1,9 milioi horietatik %78 errenta ertaineko eta baxuko herrialdeetan hil dira. Klima larrialdiari buruzko COP31 goi bileraren aurretik argitaratu du txostena GKEak.

Klima larrialdia areagotzen duten eta aldi berean klima aldaketarako prestatze, moldatze eta berreraikitze proiektuak dituzten 217 enpresa identifikatu ditu Oxfamek, Suntsitu eta Berreraiki Indizea deitzen dioten horretan. Eta horien atzean inbertsio funtsak daude: Black Rock eta Vanguard funts pribatuek, munduko handienek, 217 enpresa horietako %92tan inbertitzen dute.

Sofia del Valle Oxfameko Klima Justizia arduraduna da, eta nabarmendu du baliabide gehien dutenak hobeto babestu daitezkeela klima larrialdiaren inpaktuetatik, batez ere aseguru pribatuen bidez. Bestalde, haien etxebizitzak hobeto prestatuta daudela ere nabarmendu dute, kokalekuagatik eta materialengatik, besteak beste. Kontrara, txiroenek etxeak, uztak eta bestelako baliabideak gehiago galtzen dituztela nabarmendu du, baita berreskuratzeko zailtasun handiagoa dutela ere.


Jarraitu jatorrizko albistea irakurtzen hemen.