Urumea ibaiak gure hiria hegoaldetik iparraldera zeharkatzen du, bidean hainbat auzotatik igaroz. Hala ere, ibai-ibilgu hori batzuetan ezezaguna da itsasoari begira bizi den hiri batean. Horregatik, aukera eman nahi diegu herritarrei ibaia bertatik bertara ezagutzeko, bisita gidatuen programa baten bidez. Izen-emateak irekita hemen.
Apirilaren 25etik irailaren 13ra bitartean garatuko den programa honetan, ibilguaren inguruko bi bisita mota antolatuko dira. Bertan, aditu batek florari, faunari, historiari eta ibai dinamikei buruzko informazio eta ezagutzak eskainiko dizkie herritarrei, kanoan edo oinez egingo diren ibilaldietan. Horrez gain, ekimena osatzeko, Urumeari buruzko erakusketa bat ikusgai egongo da, eta hiriko urak kudeatzeko azpiegituretara bi bisita gidatu antolatu dira (Añarbe urtegia eta Loiolako araztegia).
Iñigo Garcíak, Ingurumen zinegotziak, programaren izaera dibulgatzailea eta ingurumenekoa azpimarratu du: «Herritarrek Urumea hiria zeharkatzen duen ibai gisa ez ezik, espazio bizi gisa ere begiratzea nahi dugu, historia, biodibertsitatea eta gure hiri-ingurunean funtsezko papera duena».
«Jarduera hauen helburua da ibaia pertsonengana hurbiltzea esperientzia zuzenetik, ibiliz, arraunean edo haien azpiegiturak bisitatuz, haien ingurumen- eta gizarte-balioa hobeto ulertzeko».
Bisita-programaren helburua da gure ibaia hobeto ezagutzen eta gizarteratzen laguntzea, baita uren ingurumen-kalitatea nabarmen hobetzea lortu duen saneamenduaren udal-kudeaketa ere.
Ekintzetako izen-ematek irekita daude www.cristinaenea.eus webgunean.
Jarraian zehazten da egitarau osoa.
ERAKUSKETA
DONOSTIAKO URUMEAKO BIZTANLEAK
· Maiatzak 14 - irailak 13 (Cristina Enea)
Urumea ibaian ekosistema harrigarri bat aurki daiteke oso ezaugarri bereziak dituena, itsasotik datorren ur gaziaren eta ibaitik jaisten den ur gezaren etengabeko eraginpean baitago. Gainera, mareen eraginez, baldintza horiek egunean zehar aldatu egiten dira, eta ondorioz, han bizi diren bizidunek etengabeko gazitasunaldaketetara egokitu behar izaten dute. Horren ondorioz, Urumearen zati horretako komunitate bologikoa oso espezializatuta dago etengabe aldatzen ari den ingurune batean bizitzeko. Itsasoko eta ibaiko organismo tipikoek ez ezik, ingurune gazikaretako espezie batzuek ere ekosistema hau osatzen dute.