Berriak

2026/2/12 Ingurumen albisteak

Farmakoen presentzia ingurumenean: mundu mailako erronka bat

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) talde horrek zenbait ekimen proposatu ditu sendagaiek ingurumenean duten presentzia murrizteko, eta, hartara, giza osasunean duten eragina arintzeko. Era berean, azpimarratu du zeregin horretan inplikatu behar direla farmazia-, osasun- eta albaitaritza-sektoreak, bai eta herritarrak ere, eta, horretarako, sendagaien erabilera arrazionalagoa sustatu behar dela. Jatorrizko albistea: www.ehu.eus. Irudia Egoi Markaidarena.


Produktu farmazeutikoak funtsezkoak dira osasunerako, eta oinarrizko zeregina betetzen dute eta beteko dute gaixotasunen prebentzioan eta tratamenduan. Hala eta guztiz, gero eta eragin handiagoa dute ingurumenean: ekosistemei eta giza osasunari erasaten diete, eta biodibertsitatearen galera, botika antimikrobianoekiko erresistentzia eta klima-aldaketa bultzatzen dituzte. Sendagaien osagai nagusiek (lortu nahi den osasun-efektua lortzeko diseinatuak), eszipienteek (sendagaiari trinkotasuna, forma eta zaporea emateko eransten zaizkion substantzia geldoek) eta sendagaiak ontziratzeko materialek airea, lurzorua eta ura kutsatzen dituzte mundu osoan. Horrek kalte egiten die ekosistemei, eta, kalte horrek, azken batean, gizakion osasunean eragiten du.

Iker Egaña eta Vladimir Akhrimenko EHUko ikerlariek adierazi dutenez, “arazoa oso zabala da, eta animalien komunitateen gaineko eragina oso askotarikoa. Gaur egungo araztegiak ez daude farmako mota guztiak deuseztatzeko diseinatuta; haietako batzuk soilik eliminatzen dituzte. Oraingoz oso txikiak dira farmako horien kontzentrazioak eta kantitateak, baina duela urte batzuetatik ikusten ari gara jada ondorioak izaten ari direla. Arazoa globala da. Eta garabidean dauden herrialdeetan are okerragoa da egoera”.

EHUko Basque Sustainable Pharmacy & Biotherapy ikerketa-taldeko ikertzaileek adierazi dutenez, “arazo global horri aurre egiteko soluzio globalak behar dira, diziplinaz haraindikoak, izaki bizidunak eta ingurumena barne hartzen dituen One Health edo osasun bakarraren ikuspegia oinarri dutenak. Funtsezkoa da sendagai baten ziklo globalean (diseinua, ekoizpena, kontsumoa eta araztegiko deuseztapena) inplikatuta dauden pertsona guztiak kontzientziatzea, hau da, farmazia-, osasun-, eta albaitaritza-sektoreak eta, oro har, herritarrak”. EHUko ikertzaileek bide horretan aurrera egiteko gako batzuk proposatu dituzte.


Irakurri jatorrizko albistea osorik hemen.