Cristina Enea Fundazioaren Udako Ingurumen-Zinema Zikloa Parkean ekimenak berriz ere magiaz eta naturaz beteko ditu udako gauak Donostian. Udako ingurumen-zinemaren 12. edizio honetan, lau parke, lau film eta lau elementu izango ditugu, eta zikloa ekainaren 27an hasiko da.
Lau proiekzio hiriko lau parketan, lau elementuen inguruan. Donostia prest dago udako kultura-hitzordu aipagarrienetako baterako: Udako Ingurumen-Zinema Zikloa Parkean, Cristina Enea Fundazioak antolatutakoa. Lau film hiriko lau berdegunetan, naturako lau elementuak ardatz hartuta: ura, lurra, airea eta sua.
Ziklo honen hamabigarren edizioa da aurtengoa, eta herritarrek udako hilabeteetan gehien baloratzen duten kultura-jardueretako bat da, bai edukiagatik, bai formatu irisgarri, doako eta familiarragatik. Egian, Bidebietan, Altzan eta Amaran egingo dira proiekzioak, beti 22:30etan, eta sarrera librea izango da, zinemarako ezarritako espazioren edukiera bete arte.
«Zinema baino askoz gehiago da udako zinema», adierazi du Iñigo García Villanuevak, Donostiako Udaleko Aniztasun, Inklusio eta Ingurumeneko zinegotzi ordezkariak. «Aukera ezin hobea da gure parkeak berriro deskubritzeko, komunitatean elkarrekin bizitzeko eta planetarekin dugun harremanari buruz hausnartzeko. Udalak gonbitea luzatzen die donostiar familia guztiei, aire zabaleko zinema-gau horiez gozatzeko, ingurune natural eta hurbil batean, auzoak eta kultura irisgarria aldarrikatzen baititu».
Lehenbiziko edizioak Cristina Enea parkean egin ziren arren, zikloaren eragin-eremua zabalduz joan da, eta ahalegina egin da, kultura auzo guztietara gerturatzeko. Horrela, aurten, laugarren urtez, kultura-zirkuitu handien parte izan ohi ez diren baina publiko zintzo eta gogotsu bat duten eremuetan egingo dira proiekzioak.
Aurtengo programazioak gustu eta adin guztietarako filmak izango ditu: Akira klasiko gurtua, La vida de Pi (Piren bizitza) hunkigarria, Nómadas del viento (Haizearen nomadak) ikusgarria eta Las aventuras de Priscilla, reina del desierto (Priscilla basamortuko erreginaren abenturak) koloretsua. Azken hori, gainera, LGTB+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean proiektatuko da, zinema-ziklo horrek aniztasunarekin eta giza eskubideekin duen konpromisoa indartuz.
Film bakoitza naturako elementuetako bati lotuta egongo da, eta, horrela, film horien irakurketa sinboliko eta ingurumenekoa egitea bultzatuko da, hain zuzen ere Cristina Enea Fundazioak sustatzen dituen balioekin bat datorrena.
«Honelako proposamenek erakusten dute kultura, ingurumena eta gizarte-kohesioa elkarren artean lotuta egon daitezkeela, eta gainera, elementu horiek guztiek, elkarrekin, gure hiri-bizitza aberasten dutela», gaineratu du zinegotzi ordezkariak. «Donostian pertsonak eta haien ingurunea zaintzen dituen hiri baten aldeko apustua egiten dugu, eta udako zinema-ziklo hau horren adibide da».
Proiekzioen datak, lekuak eta filmen sinopsiak
Udako Ingurumen-Zinema Zikloa Parkean ekimenaren 20205eko edizioan egingo diren proiekzioen datak eta lekuak honako hauek dira:
· Eguna, ordua eta lekua: ekainaren 27a, ostirala, 22:30, Cristina Enea parkea (Egia)
· Filmaren izenburua: Las aventuras de Priscilla, reina del desierto (Stephan Elliott, 1994)
· Naturaren elementua: Lurra
· Sinopsia: Sidneyn bizi diren kabareteko hiru artista kontratatu dituzte, lau astez Alice Springseko hotel batean jarduteko, Australiako Basamortu Gorriaren erdian. Abentura handi bat biziko dute, baina gauza bat da herrialdea autobusez zeharkatzea, arazo guztiak atzean utzita, eta beste bat helmugara ongi iristea, batez ere kontuan hartuta Felizia eta Mitzi drag-erreginak direla eta Benardette transexuala dela. Horrela, bi asteko bidaia bati ekiten diote, arropa deigarriz eta oinetako plataformadunez betetako autokar batean, musika ozen-ozen jarrita.
· Eguna, ordua eta lekua: uztailaren 4a, ostirala, 22:30, Araba parkea (Amara)
· Filmaren izenburua: Nómadas del viento (Jacques Perrin, Michel Debats, Jacques Cluzaud, 2001)
· Naturaren elementua: Airea
· Sinopsia: Hegaztien migrazioari buruzko dokumentu anbiziotsua da, 40 herrialde baino gehiago zeharkatzen dituen bidaia bat. 140 pertsona baino gehiago 4 urtez aritu ziren lanean horrelako lan berezi bat sortzeko: bertan, hegazti migratzaileak eta horien migrazio-ereduak islatzeaz gain, gure planeta eklektiko, ikusgarri eta harrigarriaren irudiak ere ageri dira. Dokumental onenaren Oscar sarirako izendatu zen.
· Eguna, ordua eta lekua: uztailaren 11, ostirala, 22:30, Harria parkea (Altza)
· Filmaren izenburua: La vida de Pi (Ang Lee, 2012)
· Naturaren elementua: Ura
· Sinopsia: Ozeano Barearen erdian naufragio bat jasan ostean, Pi indiar gaztea –Indiatik Kanadara zihoan zoo-zaintzaile baten semea– salbamendu-txalupa batean dago, bizirik atera den beste izaki bakarrarekin: Bengalako tigre bat. Harekin harreman zirraragarri, sinestezin eta ustekabekoa izango du.
· Eguna, ordua eta lekua: uztailaren 18a, ostirala, 22:30, Salvador Allende parkea (Bidebieta)
· Filmaren izenburua: Akira (Katsuhiro Ôtomo, 1988)
· Naturaren elementua: Sua
· Sinopsia: 2019. urtea Hirugarren Mundu Gerraren ondoren, suntsitutako Japoniako hiriburu zaharraren hondakinen gainean eraikitako hiri bat da Neo-Tokyo. Krisialdi politiko etengabeak jasaten ari den herrialde bat da Japonia, eta kolapsatzear dago. Isilean, armadak hala eskatuta, zientzialari-talde batek esperimentu bat jarri du berriro abian, "energia absolutua" izeneko behin betiko arma kontrolatzeko gai diren pertsonak aurkitzeko. Baina Neo-Tokyoko biztanleak beste gauza batzuekin daude kezkatuta. Horietako bat Kaneda da, motorzale banda bateko liderra. Borroka batean, haren lagun min Tetsuok istripu bitxi bat du, eta instalazio militar batean ospitaleratzen dute. Han, zientzialariek deskubrituko dute Tetsuo energia absolutuaren jabea dela, baina hark ez du inoren akuri izan nahi, eta munduak ezagutu duen mehatxurik handien bihurtuko da laster.