Berriak

2025/9/16 Ingurumen Baliabideen EtxeaUliako Interpretazio Zentroa

Eskuragarri daude 2025/2026 ikasturterako Cristina Eneako eta Uliako Hezkuntza Eskaintza berriak

Cristina Enea Fundazioarentzat bere hastapenetatik oinarrizkoa izan da ikastetxeetako publikoari eskainitako ingurumen kontzientziazioa eta sentsibilizazioa, inguruarekiko modu arduratsuago eta kontsekuenteago batean jarduteko tresnaz hornitzeko belaunaldi gazteenak.Hori lortzeko fundazioak dituen bitarteko garrantzitsuenetakoak Hezkuntza Eskaintzak dira. Gaurkoan Cristina Enean eta Ulian 2025/2026 ikasturtean indarrean egongo direnak dakarzkizuegu.


Cristina Enea Fundazioak esfortzu handia eskaintzen dio urtero Donostiako nahiz inguruko udalerrietako ikastetxeei zuzendutako eskaintza diseinatzeari, hezkuntza maila guztietako ikasleei bideratutako jarduera didaktikoz osatua: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH eta Batxilergoa, bai eta publiko helduari eskainitako jarduerak ere.

Donostiako Ingurumen Baliabideen Etxeko Hezkuntza Eskaintza
Aurreko kurtsoetako kalitate-norabideari jarraituz, Cristina Enea Fundazioko Hezkuntza Alorrak gogor lan egin du 2025/2026 ikasturterako Hezkuntza Eskaintza berria eta hobetua diseinatzeko, irakasleentzat duen izaera osagarria indartu asmoz. Horrela, irakaslegoaren ekarpenei esker, eta taldeekin lan eginez jasotako inpresioen harira, eskaintza honek hobekuntzak dakartza, aurreko ikasturteetako eskaintza indartuz eta sendotuz. Aurreko ikasturtean, orotara, 7.024 ikaslek hartu zuten parte Cristina Eneako hezkuntza eskaintzaren baitan dauden jardueretan, aurreko ikasturteetako datuak egonkortuz.

Horrela, dokumentu honek 29 jarduera biltzen ditu guztira hezkuntza-ziklo desberdinetarako (aire zabalean egin daitezkeenak, Cristina Eneako ikasgeletan egiten direnak eta taldeek beren kabuz Cristina Eneako finkan egin ditzaketenak uztartuz), honela banatuta: 7 jarduera Haur Hezkuntzarako, 12 jarduera Lehen Hezkuntzarako (4 ziklo bakoitzerako), 6 jarduera Bigarren Hezkuntzarako (3 ziklo bakoitzerako), 2 jarduera Batxilerggorako eta beste 2 helduentzako.

2025/2026ko Donostiako Ingurumen Baliabideen Etxeko Hezkuntza Eskaintza berria eskuragarri dago hemen.

Ulia Interpretazio Zentroko Hezkuntza Eskaintza
Ikastetxeen beharrak eta Ulia mendiaren eta Interpretazio Zentroaren gaitasunak aztertu ostean, ikastetxeek garatzen dituzten ikasgaientzako osagarri diren eta berauek indartu dituzten jarduerak diseinatu dira, ikasleak naturara gerturatuz, Uliako fauna, flora, geologia eta historia hobeto ezagutu dezaten. 2025/2026ko Hezkuntza Eskaintza honetan aurreko ikasturteetako jarduerei jarraipena ematen zaie, beharrezko hobekuntzak eta egokitzapenak eginez, 16 jardueraren bidez, ondoren aaltzen den moduan sailkatuz: 3 jarduera Haur Hezkuntzarako, 5 jarduera Lehen Hezkuntzarako, 5 jarduera Bigarren Hezkuntzarako eta 3 jarduera Batxilergorako eta Helduentzako. Jarduerek 45 eta 90 minutu arteko iraupena dute.

2024/2025 ikasturtean, 1.768 ikaslek parte hartu zuten Uliako Hezkuntza Eskaintzan jasotako jardueretan, udal-ekipamendu hori Ulia mendiaren ingurumen- eta kultura-aberastasuna adin guztietako ikasleei hurbiltzeko ezinbesteko tresna bilakatuz.

Uliako Hezkuntza Eskaintza osatzen duten tailer eta ibilbide guztien informazioa eskuragarri dago hemen.

Ikastetxeek Cristina Eneako eta Uliako Hezkuntza Eskaintzetan jasotako jarduerak erreserbatzeko 943483500 telefonora deitu beharko dute (luz. 9719) edo [email protected] helbidera idatzi. Jarduera guztiak doakoak izango dira 9:00etik 13:00etara bitartean egiten badira.