$itemFoto['filename']

Jarduera fisikoa hiriko naturguneetan

Cristina Enea Fundazioak Donostiako hiru kokaleku esanguratsutan ariketa fisikoa egiteko proposamen berri bat du. Horren bidez, kirola egiteaz gain, herritarrek Cristina Enea parkea, Ulia mendia eta Urgull hobeto ezagutzeko aukera izango dute.
 

01. Jarduera fisikoa Cristina Enea

Cristina Enea parke historikoak Cristina Brunetti Mandasko dukesari zor dio izena. Lorategi gune erromantikoa da, eta Urumea ibaiaren azkenengo meandroak sortutako muino txiki batean dago.

Gune berde honetan gure inguruko zuhaitz autoktono ugariren artean, bost kontinenteetatik ekarritako zuhaitzak ere ikus daitezke, itxura eta edertasun apartekoak. Pauma da, ziur asko, gune honetako biztanlerik bitxiena eta parkean dauden zuhaitz berezietako batzuetan bizi da eta egiten du lo.

Zuhaitz horietako bat dugu Libanoko zedroa, parkeko zuhaitz ikusgarrienetakoa eta, ziur asko, zaharrenetakoa ere. Gingkoa da parkeko beste zuhaitz berezietako bat. Zuhaitz horren hostoek abaniko forma dute eta orain dela milioika urte Lur planetako leku askotan bizi izan zen familiatik bizirik gelditzen den ordezkari bakarra dugu.

02. Jarduera fisikoa Urgullen

Ezin da ukatu Urgull mendia hiriko paisaren parte dela. Donostiako herrigune nagusia eta arrantza-portua bere babesean eraiki ziren. Antzinako hiria harresi batzuen barruan babestua zegoen eta bere biztanleriaren defentsa mendian zeuden gotorleku ezberdinetatik egiten zen.

Aspaldi, kontinentetik banandutako uharte bat izan zen, baina olatuek utzitako errekarriek eta hareak, Urumea ibaitik zetozen materialekin batera, lehorrera lotu zuten.

Mendiaren kokapena dela eta, itsasora zuzenean irekitako eremuak topatuko ditugu, eta baita babestuagoak daudenak ere. Horrela, itsasertzeko ohiko landareak eta beste ingurune batzuetako espezieak aurkituko ditugu.

03. Jarduera fisikoa Ulian

Donostiaren ipar-ekialdeko mugan kokatuta dago Ulia, eta hiriko berdegunerik basatiena dela esan dezakegu. Itsasoaren eta lurraren arteko topagune izanik, kontrastez beteriko eremua dugu eta ezaugarri berezi horietan sortzen diren ekosistemen garrantzia dela eta, Natura 2000 Sarean Babes Bereziko Eremu izendapena merezi izan du.

Natura aldetik hiru eremu bereizi ditzakegu bertan: hego magaleko eta tontor inguruko basoak, gaur egun bere parke izaerak ematen dion espezie aniztasunarekin, ameztiek poloki-poliki beren lekua berreskuratzen doazelarik; ipar magalean eratu diren kostaldeko txilardiak, loratzean txilarrek morez eta oteek horiz margotzen dutelarik; eta, azkenik, itsaslabarrak, horien babesean bizi diren Armeria euscadiensis landarea eta belatza edo ubarroi mottoduna bezalako hegazti bereziekin.

Ez da harritzekoa donostiarrek betidanik bertako lasaitasunaz eta ingurune osasungarriaz gozatu izana, XX. mende hasierako aisialdi parkearekin edo erromeria herrikoiagoekin, eta gaur ere asko dira Uliaz gozatzeko ditugun aukerak.

Proiektuen zerrenda ikusi