Berriak

2026/9/16 Ingurumen albisteak

Muturreko beroak areagotu egiten ditu de CO₂ isuriak, ekosistemen \"arnasketa\" bizkortzen baitu

Baldintza normaletan, lurreko ekosistemek gure isuriak konpentsatzen dituzten "birika" gisa jokatzen dute: landareek fotosintesiaren bidez CO₂ xurgatzen dute eta enborretan, sustraietan eta lurzoruetan biltegiratu. Nature Communications aldizkarian argitaratutako artikulu berri batek, ordea, oreka hori maila globalean hautsi dela ohartarazten du. Jatorrizko albistea eta irudia: www.creaf.cat.


Ikerketa-taldeak ikusi duenez, 2024an, batez besteko tenperatura globala industriaurreko aroarekin alderatuta 1,55 ºC-tik gorakoa izan zen lehen urtean, muturreko beroak, hezetasun handiarekin konbinatuta, izugarri aldatu zuen balantze hori. Hain zuzen ere, emaitzek adierazten dute 2024an erregistratu zela atmosferan CO₂ gehien 1958an neurriak hasi zirenetik. Kezkagarriena da hazkunde garbi horren zatirik handiena ez zela giza jardueraren ondorio bakarrik izan, ekosistemek hustubide gisa jarduteko gaitasuna galdu zutelako baizik. Kausa nagusia arnasketa ekosistemikoaren aurrekaririk gabeko igoera bat izan zen: El Niño-ren aldi luze bati lotutako beroak eta hezetasunak landareen arnasketa bizkortu zuten, lurzoruko mikroorganismoak aktibatu zituzten eta materia organikoaren deskonposizioa bizkortu zuten, CO₂ masiboki askatuz.

Ikerketa egiteko, taldeak azken belaunaldiko satelite-datuak (OCO-2 sistema, adibidez) eta fotosintesiaren eta suteen ondoriozko isurketen zenbatespen globalak erabili zituen, 2024ko datuak 2022koekin alderatuz, urte hori "normaltasun" klimatikoaren erreferentziatzat hartzen baita.

Sastrakak eta belardiak, kaltetuenak
Fenomenoa globala izan bazen ere, eragina bereziki handia izan zen belardi eta sastrakadietan, isurien % 49ri lagundu baitzioten, eta ondoren basoak ( % 33) eta nekazaritza-lurrak ( % 18). "Sastraka eta belardietan, beroak eta hezetasunak eragin zuzenagoa dute lurzoruan eta landaredi baxuan. Horrela, mikroorganismoak gehiago aktibatzen dira eta landareen arnasketa bizkortu egiten da", azaldu dute ikerketaren arduradunek. Ikerketak zehazten duenez, arnasketa faktore nagusia izan bazen ere, Kanada eta Siberia bezalako eskualdeetako sute handiek eta eremu tropikaletako lehorteek ere murriztu egin zuten CO₂ hustubide biologikoaren ahalmena.

Karbonoa xurgatzeko ahalmenaren galera orokorra izan zen, batez ere Estatu Batuetako ekialdean, Europan, mendebaldeko Siberian, Asiako hego-ekialdean eta Hego Amerikako eta Afrikako eremu handietan. Gainera, adituek ohartarazi dutee eskualde mediterraneoa bereziki kaltebera dela: "Gure barneko basoek eta sastrakadiek hustubideetatik isurgailu garbietara igarotzeko arriskua dute, gero eta maizago jasaten dituzten ondoz ondoko bero-boladen ondorioz".


Jarraitu jatorrizko albistea irakurtzen hemen.