2021/04/27 04:00o.

Pandemia baten oroitzapenak IV: hondakinen kudeaketaren erronka ikastetxeetan

Jose Mari Rodriguez Cristina Enea Fundazioak garatzen dituen ONdakin eta Eskolan Konposta egitasmoen arduraduna da. Ikasturtean zehar makina bat saio zuzentzen ditu ikastetxeetan, ikasle zein irakasleekin, ikastetxean bertan sortzen diren hondakinak modu egokian kudeatzen irakastsiz, baina iazko martxoan dena hankaz utzi zuen Sars-CoV-2 koronabirusak. "Ikasturteko azken hiruhilekoan genituen saio-didaktikoak, eskolan bertan egiten ditugunak, bertan behera utzi behar izan genituen, baina ikastetxeetan ditugun konpostagailuak kudeatzen jarraitu behar izan genituen", gogoratzen du Rodríguezek. Ikastetxeetan egiten duen lana "bertako hondakin bilketaren kudeaketa hobetzen saiatzea" dela azaldu du, "behar dituzten baliabideak banatzen", esaterako, konpostagailuak. "20 ikastetxetan genituen programatuta saio didaktikoak, eta egin duguna izan da ikasturte berri honetan programatu".

[BIDEOA ALBISTEAREN AMAIERAN]

2020ko martxoan hasi zen konfinamenduak Rodriguezen lan egiteko modua erabat moldatu zuen, eta "ikasle bakoitzak etxean egiteko moduko programazia" prestatzen hasi zela adierazi du. "Ez genuen harremana galdu nahi gure hondakin proiektuetan genituen 70 ikastetxeekin, eta formakuntzarekin jarraitzeko bideo ezberdinak prestatu genituen, beraiek etxeetan gai hauek lantzeko, guk kudeatzen ditugun proiektuetan jarraipen bat eginez". Horrela, ONdakin eta Eskolan Konposta ekimenek "etenik ez" zutela izan nabarmendu du bi proiektu horien arduradunak.

Rodriguezen esanetan, pandemiak agerian utzi duen arazoetako bat izan da hondakin gehiago sortzen hasi zela, "batik bat musukoak", eta, ezin zirenez birziklatu, dena errefuxara bideratzen zen. Zentzu horretan, "gomendioak sortu behar izan genituen", musukoak eta bestelako hondakinakmodu egokian nola sailkatu azaltzeko ikasleei.

Irailean ikasturte berria hasi zenean, ikastetxeetako saioak berreskuratu dituztela azpimarratu du Jose Marik, "burbuila-taldeak errespetatuz, eta baliabide gehiago banatuz", beren hondakinak ondo jaso ditzaten. Era berean, pandemiak, hasiera batean behintzat, etorkizuna ilun ikustera behartzen bagintuen ere, Rodriguezek azpimarratu nahi izan du "azkenean uste baino ikastetxe berri gehiago sartu dira aurten gure ekimenetan eta konpostagailu ugari ari gara jartzen eskoletan; uste dut ikasleen kontzientzia hobetu egin dela".