2020/05/28 04:00o.

Ezagutu Ulia zure etxetik

Koronabirusaren krisiak Ulia Interpretazio Zentroa ixtera behartu gaitu. Hala ere, Cristina Enea Fundaziotik Ulia mendia bezalako ingurune berezi baten aberastasuna ezagutzeko aukera eskaini nahi dizuegu, 3 bideoren bidez.

"Ulia Interpretazio Zentroa itxita egongo da ekainaren hasierara arte, horrela covid-19aren krisiaren fase honetan beharrezkoak diren osasun eta segurtasun neurriak errespetatu ahal izateko", azaldu digu Oihana Orkolaga zentroko arduradunak. Uliak ingurumen-, historia- eta kultura-aberastasun handiko ingurune pribilegiatua eskaintzen digu, eta Ulia Interpretazio Zentroak horren guztiaren berri ematen die bisitariei. Hala ere, zentroa itxita dagoen honetan, "altxor hori zabaltzen eta ezagutzera ematen jarraitu nahi dugu", ziurtatu du Orkolagak. "Uliako hainbat tokitan grabatu ditugun hiru bideoren bidez, mendiaren hainbat alderdi ezagutarazi nahi ditugu, historia eta aberastasun naturala, esaterako".

Lehen bideorako (beherago ikusgai duzue), Orkolaga Uliako goialdera joan da. "Lehen ibilbide honetan Erregearen Harria bisitatuko dugu, itsasoaren eta itsas-labarren ikuspegi ederra eskaintzen diguna, bai eta Arranoaren Harria edo Baleontzien Talaia ere", Uliaren eta haren historia ezagutzeko ezinbestekoak diren hiru kokaleku. Halaber, belle époque donostiarrera bidaiatuko dugu XX. mende hasierako turistak eta goi-gizarteko kideak joaten ziren bi toki enblematiko ezagutuz: tiro zelaia eta Chalet de las Peñas kafetegia.

Orkolagak Uliara igotzeko gonbitea luzatzen digu kokapen horiek guztiak gertutik ezagutzeko, eta gaur egun Uliara oinez, bizikletaz edo autoz joan gaitezkeen arren, joan den mendearen hasieran mendiak "hiria Uliako goialdearekin lotzen zuen garraiobide oso berezia" zuela gogorarazi digu. Zer esan nahi duen jakin nahi baduzue, ez galdu laster argitaratuko dugun hurrengo bideoa.