2020/09/10 04:00o.

Gozatu orientazioko hainbat zirkuiturekin Ulia mendian

Ulia Interpretazio Zentroak eta Gipuzkoako Orientazio Taldeak (GOT) publiko guztiei zuzendutako hiru orientazio zirkuito eskaintzen dituzte Ulian, bi helbururekin: orientazio kirola sustatzea eta ingurune pribilegiatu honen ingurumen- eta natur-aberastasuna ezagutzera ematea.

[BIDEOA ALBISTEAREN AMAIERAN]

Ulia Interpretazio Zentroko arduradun Oihana Orkolagaren esanetan "orientazioa berez kirol bat da, badu bere liga, bere txapelketak... Eta guri aukera ona iruditu zaigu jendea naturara beste modu batean erakartzeko eta Uliara beste mota bateko jendea erakartzeko".

Orientazio zirkuituen funtsa da mendi batean sakabanatuta dauden balizak aurkitzea, horretarako mapa bat eta parte-hartzaileen orientazio gaitasuna erabiliz. Uliako orientazio zirkuito honetarako, ahalik eta jende gehiagorengana iristeko, arduradunek balizen ordez Uliako leku zehatz eta esanguratsuak aukeratu dituzte, eta parte-hartzaileek leku horiek aurkitu behar dituzte, GOT-Gipuzkoako Orientazio Taldearekin elkarlanean eginiko mapen azalpenak jarraituz. "GOT-en laguntzarekin hiru zirkuito diseinatu ditugu, bakoitza zailtasun-maila ezberdinarekin: lehenengoa hastapenekoa litzateke, hasiberrientzat eta familientzat; bigarren bat zailtasun-maila ertainarekin, kirol hau ezagutzen duen jendearentzat, treba daitezen; eta azken ibilbidea zailagoa eta luzeagoa da, adituei eskainita".

Honela, Gipuzkoako Orientazio Taldeak hiru ibilbideak teknikoki diseinatzeko eta mapak egiteko ardura izan du, eta Cristina Enea Fundazioak Uliako leku esanguratsuenak aukeratu ditu jendeak ingurune berezi eta pribilegiatu honetako fauna, flora, geologia eta historiari buruz gehiago ikas dezan. "Behin partehartzaileek zirkuitoa amaituta, Ulia Interpretazio Zentrora gertura daitezke emaitzak jakiteko eta zirkuituaren ibilbidean zehar bisitatu dituzten lekuen gaineko informazio gehigarria jasotzeko", adierazi du Orkolagak.

Urte osoan zehar egin ahal den zirkuitu iraunkorra da honakoa, eta interesa duten pertsonek Ulia Interpretazio Zentrora jo beharko dute zirkuitu ezberdinen mapak dohainik eskuratzeko.

Cristina Enea Fundaziotik eta Ulia Interpretazio Zentrotik jendea animatu nahi dugu jarduera honetan parte hartzeko, ez lehiaketa gisa soilik, baizik eta kirol berri bat ezagutzeko eta mendia beste modu batera ezagutzeko.

Kontsultatu Ulia Interpretazio Zentroaren ordutegia ondorengo taulan.