2020/05/05 05:00o.
Zikloteka, duela 5 urte Cristina Enea Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak bultzatutako Bizikletaren Dokumentazio Zentroa, bizikleta-mugikortasunari buruzko informazioa eta dokumentazioa biltzeko asmoz, COVID-19k eragindako osasun-krisia hasi zenez geroztik mundu osoko hainbat hiritan abian jarritako politikak eta ekintzak biltzen hasi da.
"Bizikletak garrantzia irabaziko du eguneroko garraiobide gisa. Jasangarria eta osasungarria da, gizarte-urruntzea errespetatzen du eta aglomerazioak saihesten ditu, eta gure lurraldea azpiegituraz hornituta dago jada, bide berdeen eta bidegorrien bidez, komunikazio-bideak eta aisialdirako alternatibak ezartzeko. Mundu osoan garatzen ari diren politikak ezagutzeak hobetzen baino ezin digu lagundu", adierazi du Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak.
Bestalde, Cristina Enean kokatuta dagoen Ziklotekako arduradunek adierazi dutenez, une honetan mundu osoko hiri askotan pertsonen mugikortasun segurua errazteko hartzen ari diren ekimenen kopurua ikusita, "webgunean berariazko biltegi bat ireki dugu, non tokiko administrazioek osasun-segurtasuna duten pertsonen mugikortasunari modu jasangarri eta osasungarrian aurre egiteko abian jar ditzaketen azterlan, gida eta jarduera zehatzak jasotzen diren", oinezkoei edota bizikletaren erabiltzaileei zuzendutakoak. Ekimen horiek COVID-19aren pandemiaren ondorioz munduko hiri askotan mugikortasunaren arloan egiten ari diren jarduera sorta zabala biltzen dute.
Datozen asteetan bibliografia hori handitzen joatea da arduradunen asmoa, munduko hainbat tokitan mugikortasun-politika eta -ekintza berriak ezarri ahala. Dokumentazio hori eskuratu ahal izateko, beharrezkoa da Ziklotekaren webgunea bisitatzea eta bilatzailean Covid-19 eta mugikortasuna etiketa aukeratzea.
Dokumentazio hori guztia Ziklotekaren webgunetik kontsultatu eta deskargatu daiteke, libreki eta doan.