2020/04/03 04:00o.

HidroLogikak2020: gure ingurua ezagutzeko eta ulertzeko kartografia eta mapak

Urtero udaberriarekin batera etorri ohi da HidroLogikak ekimena Cristina Enea Fundazioaren programaziora, hainbat eta hainbat ekintzaren bidez Urumeari berari eta mendeetan zehar bete duen paperari garrantzia emateko helburuarekin. Uraren logikak ulertzea da ekimenaren erronka, beti ere ikuspegi jakin eta gertuko batetik: Urumea ibaia. Aurten, udaberriarekin batera iritsi dena, ordea, COVID19 birusak eta haren hedapenak eragindako osasun-krisia izan da, baina, hala eta guztiz ere, fundazioko arduradunek udaberriko agendan jasotako jarduera eta ekimenekin aurrera jarraitzea erabaki dute, baita HidroLogikak-ekin ere, egoerak uzten eta baimentzen duen heinean, behintzat (bideoa albistearen ondoren).

HidroLogikak ekimeneko arduradun Eneko Calvorekin hitz egin dugu aurtengo edizioak dakartzan xehetasunak ezagutzeko, bai eta koronabirusaren arazoak programazioari nola eragingo dion ezagutzeko ere. Calvoren esanetan aurtengo HidroLogikak-ek "kartografia eta mapak" ditu oinarri, eta ohiko jarduerak programatzeaz gain, mapekin eta orientazioarekin lotutako ekintza berriak ere izango ditu bere baitan egitarauak.

Zein da HidroLogikak bezalako ekimen baten helburua?
HidroLogikak ekimenak gure hirian dugun Urumea ibaiaren irudia, presentzia eta garrantzia indartu nahi du. Orain dela gutxira arte, gure ibaiari bizkarra emanez bizi izan gara eta natura-elementu horrek duen garrantzia ez dugu ulertu. Urumeak gizakiak eta natura batzen dituen sistema konplexu bat osatzen du eta elementu askoren artean dauden erlazio estuez osatzen da. Urtero ekimenak gai bat hartzen du, ikuspegi naturalistikotik, artistikotik, antropoligikotik edo kulturaletik jorratzen dena. Honekin, Urumeari argi-foko bat jarri nahi diogu, ibaiak gure bizitzan duen garrantzia agertarazteko asmoz.

Aurtengo edizioan, HidroLogikak ekimena kartografiari eta mapei begira jarriko da. Nola gauzatuko da egitarauan?
Aurtengo edizioan oso kulturala den elementu bat hartu dugu ardatz: gure inguruan dauden elementu tridimentsionalak euskarri bidimentsionaletan irudikatzeko sistema; hau da, kartografia eta mapak. Mapek funtsezko eta ezinbesteko papera betetzen dute zibilizazioaren oinarrietako bat bezala. Lurraren azalerarekin lotutako jarduera asko ezingo lirateke gauzatu mapa baten laguntzarik gabe. Besteak beste, errepideen eraikuntza, basoen kudeaketa, lurraren erabilera eta plangintza eta jabetza edo nabigazioa.

Mapa kartografiko eraginkorrak sortzea funtsezkoa da planetak gaur egun dituen ingurumen-aldaketen aurrean irtenbideak aurkitzeko. Datuak biltzeko gaitasun bikainekin eta urruneko detekzio-sistemen eta informazio geografikoaren ahalmen analitikoarekin batera, kartografiak, kasu askotan, arazo horiei irtenbideak aurkitzeko gakoa ematen du.

HidroLogikak2020 programak mapak, kartografia zehazki, planteatzen ditu Urumea ezagutzeko beste tresna bat bezala. Gure inguruan ezarri ziren lehenengo kokalekuen garaietatik, inguratzen gaituzten elementuak mugatzea, markatzea, identifikatzea... ezinbesteko beharra izan da hainbat arrazoiren aurrean: lurraldearen eta bertako uren kontrola, estrategia militarra, ibaiaren kolokatzea, arroilen kontrola, hiri-plangintza, larreen eta basoen kudeaketa...

Mota guztietako publikoentzat pentsatutako programazioak gai horri helduko dio eta batzuetan modu maltzurrean inguruan dugun espazioa kontrolatzeko beharraz eta erabilgarritasunaz gogoeta egin dezagun saiatuko da. Nola sortzen da mapa bat? Zergatik irudikazen dira elementu batzuk eta ez besteak? Garai desberdinetan kartografia modu desberdinetan landu da, zergatik? Kartografia gure lurraldea ezagutzeko eta "erabiltzeko" zein garrantzitsua den ikusiko dugu... Horrexegatik mapak egitearekin edota orietnazioarekin lotutako jarduerak izango ditugu, besteak beste.

Kartografiaz eta mapez gain, HidroLogikak-ek urtero ekartzen dizkigun ohiko jarduerak ere izango dira programazioan, besteak beste Urumean barrena irteerak, kontzertuak...
Mapa bat sortzeko, behaketa ezinbestekoa da. Gure ingurua ezagutzeko modu asko dago, eta mapa zaharrenak begiek ikusten dutenarekin sortzen ziren. Urumean kanoan egingo ditugun irteeretan gure inguruaren beste ikuspegi bat landuko dugu, ibaiaren erditik, alboetara... kontzertuekin, musikak gure ingurua beste sentimen batzuekin jasotzen laguntzen digu... jolasek, gure inguruko elementuekin modu desberdin batean elkareragiteko aukera ematen digute... modu desberdinak, gure inguruaz jabetzeko.

Koronabirusaren krisiak eragingo al dio egitarauari?
Bai, noski. Ezinbestekoak diren jardueretan eragina izan badu, nola ez du gurean ere eragingo... Egoera honek ere gure inguruan ditugun elementuekin elkareragiteko modu berriak izatera bultzatzen gaitu. Aukera moduan ere uler dezakegu, beti ere kontu handiz eta osasun-arloko arduradunen jarraibideak jarraituz.

HidroLogikak-ek apirilaren 1ean eman behar zion hasiera bere programari... egunak pasa ahala, jarduera batzuk atzeratu eta beste batzuk bertan behera utzi beharko ditugu,ez dago beste aukerarik, guk ere erantzukizunez jokatu behar dugu eta. Puntualtasunez jarduera bakoitzaren egoeraz komunikatzen joango gara, halere. Adi gure ohiko komunikazio bideetara.