2020/03/31 04:00o.

Itxialdian zehar baratzean egin beharreko lanak

Ez dira garai xamurrak. Badaramatzagu hainbat egun etxetik atera ezinik, koronabirusaren krisiaren ondorioz. Hainbat eta hainbat lan eta kontu atzeratu egin behar izan ditugu, ezinbestean. Naturak eta bere zikloek ordea, aurrera jarraitzen dute, eta konturatu ez bagara ere, udaberria iritsi zaigu itxialdian ginen bitartean. Neguko hile ilun eta hotzak atzean utzi ditugu eta aurretik gure zain dira egun argitsu eta luzeenak. Gutako askok etxeko lau hormen artean igaro beharko ditugu oraindik ere hainbat egun edo aste. Beste batzuk, aldiz, etxe ondoan lur-saila dute, edota etxeko terrazan baratzetxoa. Cristina Enea Fundazioko Haziera ekimeneko eta haren baitan dugun hazi-artxiboko arduraduna da Marc Badal, eta oraingo honetan galdetu nahi izan diogu zer egin daitekeen urteko sasoi honetan baratzean (bideoa elkarrizketaren azpian).

Udaberria iritsi da. Baratzeetan zer egiteko garaia da?
Urteko garai honetan jasotzen ari gara neguko azken gauzak: porruak, erremolatxak, azenarioak, azak, espinakak, eskarolak, neguko letxugak… Laster, landare horiek guztiak loratuko dira, baina oraindik aste batzuk ditugu gauza horiek jateko. Noski, zainzuriak, kardoak edo alkatxofak baldin baditugu, orain da garaia jasotzeko. Ilarrak hazten ari dira, baita tipulinak edo baratxuriak ere.

Nahiz eta pixkat berandu den gauza batzuendako, hazitegian gauza asko erein ditzakegu oraindik: letxuga, kalabaza, kalabazina, piperrak, tomateak, berenjenak, tipula, porruak, etab. Patatak ereiteko ere garai hona da hau.

Zer izan behar dugu kontuan sasoi honeko ereiteak egiterako garaian?
Kontuan hartu behar dugu hotza ez dela oraindik guztiz joan. Beraz, tenperaturak apaltzen badira, landatzen ditugun gauza guztiak emekiago joanen dira. Hotz kolpe bat egiten baldin badu, gure hazitegia babesturik eduki behar dugu, bestenaz, ernetzen ari diren landareek sufrituko dute.

Udako baratzea landatu baino lehen, uzten planifikazioa egiteko ere garai aproposa da: non jarriko ditugun landare ezberdinak, nola eginen dugun uzten errotazio egokia egiteko... Kalkulatu beharko dugu zenbat landare ezarriko dugun (gure beharren eta baratzean daukagun lekuaren arabera). Planifikazio horrek, haziak ugaldu nahi baditugu, garrantzi handia hartzen du: barietate ezberdinen artean gutxieneko distantziajk mantentzeko, landare kopuru minimo bat endogamian ez erortzeko, etab.

Nola daramazu zuk itxialdia?
Gure kasuan, konfinamenduak etxaldean ditugun hainbat lan aintzinatzeko biziki aukera ona eman digu. Beraz, eguraldi ona dagonez gero, lan eta lan ari gara: pentzeko itxiturak konpontzen, joan den neguan erori zitzaizkigun zuhaitz batzuk mozten eta egurra etxera eramaiten, hazitegia zaintzen, baratzea prestatzen, fruta-arbola guztiak jadanik kimatu ditugu eta gero, etxeko brikolajea… Hemen, Luzaiden, 400 metrora gaude, beraz baratzeko  zenbait lan pixkat atzeratu egiten dira itsasertzeko lekuekin alderatuta, baina aspertzeko estakururik ez dugu. Kontziente gara "pribilegiatutak" garela, horregatik, luzatzen dizuet besarkada bero bat benetan konfinatuta zaudetenei.