2020/03/18 04:00o.

Laster ikusiko dugu elkar parkean

Udaberria bizitzaren sinonimoa da; ama naturak gozarazten gaituen kolore-, usain- eta zapore-eztanda: hostoak zeharkatzen dituen eguzkia, kolore biziz jantzitako belardia, zuhaitzak astintzen dituen haizea, paumen edertasuna... Hori guztia une honetantxe ikus genezake, baina oraingoz ezinezkoa da: Cristina Enea parkea, Urgulleko Natur Txokoa eta Ulia Interpretazio Zentroa itxita egongo dira aldi baterako.

Etxean gordetzeko egunak hauek, gure egunerokotasunean nola murgiltzen garen erakusten digutenak, hain zuzen. Hots, nola askotan, gehiegitan, ez diegun bizitzaren xehetasun txikiei erreperatzen, naturaren opari txiki-handiei. Ardura ezberdinek mozkorturik ikusmena lausoturik dugu, eta, maiz, ez digute natura bere horretan ikusten uzten: euri tantek erortzerakoan gordetzen duten edertasuna, paseatzen ari garen bitartean txorien kantua, edo urmaelean igeri ari diren ahatekume jaioberrien kemena.

Irudiok Alarma Estatua ezarri baino egun bat lehenago hartu genituen; eta ezabatzeko asmoa genuen, baina nahiago izan ditugu erakutsi. Izan ere, garbiki erakusten baitigute bizitzak aurrera jarraitzen duela, naturak aurrera jarraitzen duela, eta, gu guztiok ere, trantze gogor honen ondoren, aurrera jarraituko dugula.

Irudi hauek, beraz, animo eta bulkada mezu bat besterik ez dira une gogor hauetan. Gaindituko dugu, honetik guztitik ikasiko dugu, adimena areagotuko dugu, eta, nola ez, batik bat, segur aski beste begi batzuekin ikusiko ditugu naturak egunero eskaintzen dizkigun opari txikiok. Pablo Neruda poeta handiak zioen bezala, "loreak moztu ahal izango dituzte, baina ezingo dute udaberria gelditu". Laster ikusiko dugu elkar parkean.