2020/03/20 04:00o.
Gaur, martxoaren 20a, udaberria hasiko da gurean, eta urtaro berriarekin batera, Cristina Enea Fundazioak datozen hiru hileetan antolatu dituen jarduera guztiak biltzen dituen agenda kaleratu du. Udaberriko agenda hau, hala ere, ezohikoa eta egoerari egokitutakoa izango da, COVID-19aren krisiak bete-betean harrapatu baitu bere prestaketa. Agendak jasotako zenbait jarduera bertan behera geldituko dira, edo kasurik onenean, atzeratu egingo dira.
Momentuz, ofizialki ezeztatu edo atzeratu diren jarduerak honakoak dira:
- Uraren zauriak erakusketa, atzeratu egin da.
- ASTEKLIMA, Euskadiko Klima-Aldaketaren Astearen baitan programaturiko jarduera guztiak atzeratu egin dira.
- Gazteria Europako ingurumen politiken aurrean. Europako gazteen kezkak, sentimenduak eta ideiak argitalpenaren aurkezpena (martxoak 24)
- Martxoko Agora K2050 hitzaldia (martxoak 25)
Gainontzean, eta ondo bidean, iragarritako jarduerek aurrera jarraitzen dute, baina COVID-19aren krisiaren garapenaren arabera erabakiko da bertan behera uztea ala ez. Nolanahi ere, aldaketa horien inguruko informazio puntuala cristinaenea.eus webgunean eta Cristina Enea Fundazioaren sare sozialetan emango da.
Ohiko jarduerez gain, agenda honetan udaberrian soilik iristen zaizkigun ekimenak ere izango ditugu agenda honetan. Batetik, Urgull mendiko Natur Txokoak bere ateak irekiko ditu apirilaren 4tik 19ra, egunero-egunero. Bertan, haur eta gazteak naturara modu didaktiko eta dibertigarrian gerturatzeko jarduerakl egingo dira, familia giroan. Gainera, ohiko eskulanak egiteaz gain, astean bitan (astearteetan eta asteazkenetan) jarduera bereziak izango dira.
Udaberriarekin urtero iristen zaigun beste ekimen bat da HidroLogikak. Aurtengo programak mapak, kartografia zehazki, planteatzen ditu Urumea ezagutzeko beste tresna bat bezala. Gure inguruan ezarri ziren lehenengo kokalekuen garaietatik, inguratzen gaituzten elementuak mugatzea, markatzea, identifikatzea... ezinbesteko beharra izan da hainbat arrazoiren aurrean: lurraldearen eta bertako uren kontrola, estrategia militarra, ibaiaren kolokatzea, arroilen kontrola, hiriplangintza, larreen eta basoen kudeaketa... Egitarauaren baitan GPS ikastaroak, orientazio ekintzak, erakusketa bat, Urumea ibaitik irteerak kanoan eta hamaika jarduera izango dira.
Ekainaren lehenengo astean Aste Berdea ospatuko du fundazioak, bai Ingurumen Baliabideen Etxean, baita Ulia Interpretazio Zentroan ere, Ingurumenaren Mundu Egunaren inguruan izango diren ospakizunekin bat eginez, eta erakusketen alorrean, bi azpimarratuko ditugu: Atzegi Elkarteko pintura tailerreko ikasleek txolarreei eskainitako erakusketa (elkarte hori udaberriko agenda honetako amabitxi ere bada) eta Uraren zauriak izenekoa (inaugurazioa martxoaren 27an izan behar zuen baina egoerak atzeratzera eraman gaitu). Azken hori, bizitzarako funtsezkoa den uraren inguruan hiru artistak egindako proposamena da. Juan Varelak zientziara hurbilduz, Iraida Canok poesiaren edertasunetik abiatuta eta Trinidad Irisarrik soinu konposiziotik, bizi garen munduari bakarka eta kolektiboki eragiten ari garen kalteaz duten ikuspegia aurkeztuko digute.
Agendan jasotako jardueran guztien gaineko informazioa eta xehetasunak, atxikitutako dokumentuan.