2020/03/26 03:00o.

Elikatzeko gure laguntza behar dute hegaztiek?

Salbuespenezko egoera honek etxean geratzera behartzen gaituzten egun hauetan, zenbait ekimen agertzen ari dira sare sozialetan, herritarrak hegaztiak elikatzera animatzeko, izan ere, ez dago janari-hondarrik taberna, kale eta plazetako terrazetan.

Egoera horren aurrean, SEO/BirdLife erakunde ornitologikoak hegaztiei laguntzeko kontuan hartu beharreko zenbait kontu helarazi ditu:

  • Udaberrian, hegaztiek elikagai naturalen eskaintza zabala izaten dute (kimuak, loreak, fruituak, intsektuak), eta, horregatik, ez da beharrezkoa izaten pertsonek emandako elikagai gehiago ematea, bereziki berdeguneetatik gertu dauden lekuetan.
  • Normalean kalean jendea egon ohi denean hegaztiei ematen zaien jana, gutxitan izaten da egokia haientzat. Hanburgesen, patata frijituen, gusanitosen edo ogiaren hondarrek ez dizkiete hegaztiei behar bezala garatzeko behar dituzten mantenugaiak ematen. Izan ere, txolarre arruntaren gainbeheraren balizko arrazoietako bat da "zabor-janari" horrek beren osasunean dituen ondorio kaltegarriak. Informazio gehiago PDF honetan.
  • Hegaztiek kalitatezko elikadura izatea are garrantzitsuagoa da udaberrian. Oro har, espezie askotako kumeek intsektu kopuru handiak behar dituzte behar bezala garatzeko, eta gurasoek proteina gutxiko beste elikagai mota batzuekin elikatzen badituzte (ogi-apurrak edo patata frijituen hondarrak, esaterako), baliteke haien giharrak eta lumak behar bezala ez garatzea.
  • Hirigune gehienetan, kalean basa animaliak elikatzea debekatuta dago, higiene kontuengatik. Gainera, elikadura hori modu kontrolatugabean edo desinformatuan egiteak arriskua ekar diezaieke hegaztiei, eta onura beste animalia batzuei, arratoiak kasu.
  • Horregatik, hegaztiei uneotan lagundu nahi izanez gero, leihoan edo terrazan soilik egitea gomendatzen du SEO/BirdLifek. Ahal dela, hegaztiek janari gehiago duten berdeguneetatik urrun dauden eremuetan.
  • Club Aventureros web orrian, SEO/BirdLifeko haurrentzako atalean, janlekuak egiteko ideia batzuk daude.
  • Dagoeneko hegazti basatientzako janleku bat baduzue, hegaztientzako janari ekarpenak egiten jarrai daiteke, batez ere egun euritsu edo hotzetan, intsektuak aurkitzea zailagoa denean.

SEO/BirdLifek argitaratutako jatorrizko albistea eta argazkia.