2020/06/16 05:00o.
Iragan astean Donostiako hiru naturgunetan ariketa fisikoa egiteko proposamena aurkeztu zuen Cristina Enea Fundazioak. Ekimen berri honen bitartez Donostiako hiru kokaleku berezitan, Cristina Enea, Urgull eta Ulia mendia, naturaz gozatzeko aukera eman nahi diegu herritarrei, beren osasunerako onuragarriak diren jarduera fisikoak egiten dituzten bitartean. “Hiriko naturguneek aukera paregabea eskaintzen digute jarduera fisikoa modu merke, jasangarri eta gozagarrian egiteko" adierazi du ekimeneko arduradun Jose Mari Rodriguezek, eta gaineratu du hiru kokaleku horiek "ingurumenari eta historiari lotutako aberastasun handia" daukatela, eta jarduera fisikoa egitea aitzakia ere badela "leku horien inguruko informazioa helarazteko herritarrei".
Aurreko astean, beraz, zirkuituiteko lehenengoa aurkeztu genuen, Cristina Eneako parkean egitekoa, eta oraingoan, bigarrena argitaratu du Cristina Enea Fundazioak, Urgull mendikoa, alegia. "Eskuorri honi esker, Urgull mendian ariketa egiteko txoko aproposenak ezagutzeaz gain, mendiari buruzko informazio praktikoa ere aurkituko dute herritarrek", mendia bera eta bere berezitasunak hobeto ezagutzeko. Izan ere, historikoki paper garrantzitsua bete izan du Urgull mendiak hainbat eta hainbat guda deta gatazkatan, baina agian gutxik dakitena da aspaldi kontinentetik banandutako uharte bat izan zela. "Nolanahi ere, olatuek utzitako errekarriek eta hareak, Urumea ibaitik zetozen materialekin batera, lehorrera lotu zuten berriz ere". Bere izaera isolatuaren isla da, adibidez, soilik Urgull mendian bertan eta Santa Clara uhartean aurki daitekeen Podarcis hispanicus sebastiani sugandila mota.
Ariketa fisikoa egiteko zirkuitu hauetan bakoitzaren baldintza fisikoetara egokitutako ariketa bereziak aurkituko dituzte herritarrek. "Urgulleko zirkuituan, adibidez, San Telmo Museotik hasi eta Aquarium-ean amaitzen den ibilbide bat zehaztu dugu, hamar geldialdirekin, eta geldialdi bakoitzean hiru ariketa mota egiteko aukera egongo da, bakoitzaren egoera fisikoaren araberakoak", argitu du Rodriguezek.
Datorren asteartean, ekainaren 23an, hirugarren zirkuitua argitaratuko du Cristina Enea Fundazioak bere webgunean (www.cristinaenea.eus): Ulia mendian egiteko ariketa fisikoak.
ESKURATU LOTURA HONETAN URGULLEN EGITEKO ARIKETA FISIKOEN ARGITALPENA