2020/06/18 04:00o.
"Zein animalia ikus ditzakezu hiriko ohiko ibilaldi batean?" galderari donostiar gehienek erantzun liezaiokete txakurrak, katuak, usoak edota kaioak, baita paumak, ahateak edo beltxargak ere, Cristina Enea parkean sartzen badira. Hala ere, Cristina Enea Fundaziotik harri eta zur utziko zaituen fauna harrigarri bat aurkitzera animatzen zaituztegu: Donostian oreinak, lehoiak, fokak eta elefanteak daude.
[BIDEOA ALBISTEAREN AMAIERAN]
Elefanteak hirian Cristina Enea Fundazioak 2020ko udarako egindako proposamen berria da, eta haren bidez, hiriko bioaniztasun ezkutua deskubritzera gonbidatu nahi ditu herritarrak. Urrutiko kontinenteetatik etorritako animalia exotikoak eta basapiztiak gure zain daude Donostian, fatxadetan, hormetan eta atarietan ezkutatuta, gu harrapatzeko prest.
Jose Mª Hernandez Cristina Enea Fundazioko zuzendariak azaldu duenez, "hiriak hainbat sekretu ezkutatzen ditu, begi hutsez ihes egin diezaguketenak, eta harrituko gaituztenak gutxieneko arreta eskainiko bagenie"; eta gaineratu du, "orain, konfinamendua atzean utzi dugunean, beste begirada batekin hirian zehar ibiltzeko garaia da, hiria elefantea, oreina eta antzeko espezie exotikoen bizilekua dela ohartzera eramango gaituen begirada”.
Jakina, aipatutako faunak trikimailu txiki bat du: harrizko eskulturak, tailuak eta erliebeak dira, hiri-ehunaren hainbat puntu apaintzen dituztenak, hala nola, zubiak, fatxadak eta etxebizitzak.
Elefanteak hirian ekimenak biodibertsitate bizigabeari, harrizkoari, balioa eman nahi dio, sarritan herritarren begietara ezkutatuta egoten dena, naturarekin bere lotura ezabatu eta arrasto oro porlanaren eta asfaltoaren azpian ezkutatzen duen hirigunearen zati gisa ezagutua eta onartua izateko zain. "Hiriko hainbat txokotan ezkutatuta", esan du Hernandezek, "benetako mundu natural bat dago, behatua izan arte isilik itxaroten duena, eta ekimen honen bidez, ezagutu eta baloratu dezaten lagundu nahi diegu herritarrei".
Lankidetza-proiektua
Cristina Enea Fundazioak hiriaren plano bat egin du bere web orriaren bidez. Bertan, hiri-altzariak apaintzen dituzten animalia bizigabeak kokatu dira, hala nola arranoak, zaldiak, lehoiak edo elefanteak. Baina proiektua elkarlanerako gogo sendoz sortu da, eta, beraz, herritarrak gonbidatzen ditu beren aurkikuntzak egitera eta proiektura ekartzera. "Posta elektronikoaren eta sare sozialen bidez, jendeak harrizko animalia gehiagoren kokalekuak helarazi ahal izango dizkigu, hiriko harrizko biodibertsitatearen mapa zehatza egin ahal izateko".
Horretarako, lagundu nahi duten guztiek argazkiak eta kokapenak bidali ahal izango dituzte Cristina Enea Fundazioko postara (cristinaenea[a bildua]donostia[puntu]eus) edo sare sozialen bidez, Cristina Enea Fundazioa aipatuz (twitter: @cristina_enea, Instagram: @cristina.enea, Facebook: @cristinaeneafundazioa) eta #ElefanteakHirian traola gehituz.
Parte hartzen duten pertsona guztiek animalien eta naturaren munduarekin lotutako opari bat jasoko dute, Joaquin Araujo naturalistak idatzitako Animalien idazketa liburuaren ale bat, Iberiar penintsulako ekosistemen aniztasuna erakusteko, ekosistema horien biozenosiak ezagutarazteko, animaliek uzten dituzten arrastoak eta seinaleak interpretatzen laguntzeko, eta ikusleek sistema naturalekiko jakin-mina pizteko helburua duen argitalpen aberatsa.