2020/06/11 04:00o.
Koronabirusaren krisiak gure etxeetan luzaroan egotera behartu gaitu. Apurka-apurka kalera irteten ari garen honetan, etxeko txikienei gure inguru hurbilean esploratzaile izateko aukera eskaini nahi diegu: parkeetan, lorategietan eta hiriko berdeguneetan.
"Diseinatu ditugun fitxa didaktiko batzuen bidez, inguruko zuhaitzei, loreei eta intsektuei buruzko xehetasun gehiago ezagutu ahal izango ditugu", adierazi du Oihana Orkolaga Cristina Enea Fundazioko kide eta ekimen honen arduradunak. "Gustatuko litzaiguke haurrek esploratzaileen begiekin begiratzea beren inguruneari, eta hiriko parkeetako eta berdeguneetako zuhaitz-espezieak eta beste biztanle batzuk bereizten ikastea, ondo pasatzen duten bitartean".
Horrela, hiru fitxa tematiko diseinatu dira guztira, gehi jarraipen-fitxa bat. "Parkeko erraldoiei eskainitako fitxan, alegia zuhaitzei eskainitakoan, zuhaitzak bereizteko zertan oinarritu behar dugun ikasiko dugu; bigarren fitxak gure oinetan zabaltzen den mundu txikia ezagutzeko balioko digu, lorez eta intsektuz osatua dagoena, eta hirugarrena, berriz, zuhaitzak sakonago eta xehetasun gehiagorekin ezagutzeko erabiliko dugu".
Ekimen hau Cristina Enea Fundazioa konfinamendua amaitu ondoren eskaintzen hasi den jarduera eta ekimenen eskaintzaren barruan kokatzen da. "Covid-19aren krisiak begiraleak behar zituzten eta taldean egin behar ziren jarduerak bertan behera uztera behartu gaitu, horrela segurtasun eta osasun neurriak bete ahal izateko", gogoratu du Orkolagak, eta gaineratu duenez, "uda honetako ezaugarria izango dira fundaziotik eskainiko ditugun jarduera eta ekimen autogidatuak, jendeak nahi duen moduan eta nahi duenean egin ditzan", hala nola hiriko naturguneetan ariketa fisikoa egiteko proposamenak, esploratzaileentzako fitxa hauek edo "Ulia Interpretazio Zentrotik eskaintzen ditugunak, orientazio-zirkuituak, esaterako".
ESKURATU FITXAK LOTURA HONETATIK