2020/04/06 08:00o.
Gazteenek oporrak dituzten bi aste hauek, eta etxetik atera ezin garela aprobetxatuz, aukera ona izan daiteke une atseginak pasatzen lagunduko diguten jarduera dibertigarriak egiteko, familiako loturak estutzen ditugun bitartean. Horri dagokionez, Francesco Tonuccik ere jarraibide edo proposamen batzuk bidali ditu bere konfinamendutik, familiek ahal den neurrian etxeko haurren egoera hobetzen jarraitu ahal izan dezaten.
Sarritan, helduok kexatzen gara ez daukagulako denborarik gure seme-alabei eskaintzeko. Lanak denbora eta energia asko xurgatzen digu, eta familia jarduerak gerorako uzten ditugu. Bi aste hauetan, ikasleek ez dute eskola-karga handirik izaten, eta gutako askok gozatzen dugu merezi ditugun oporrez. Aste horiek aprobetxa ditzakegu adimena aktiboki mantentzen eta gure senideengana are gehiago hurbiltzen lagunduko diguten jarduerak egiteko.
Cristina Enea Fundazioko hezkuntza sailetik egutegi bat proposatu digute, non egunero jarduera ezberdin bat aurkitu ahal izango dugun. Esaterako, apirilaren 6an, astelehena, taloak egiten ikas dezakegu. Jarduera horri esker, hainbat osagai manipulatu eta irinezko "gerra" txiki bat egin dezakegu etxean, eta, aldi berean, talo goxoak egin hamaiketakorako. Hemen duzue errezeta goxo eta erraz bat.
Apirilaren 7an, asteartea, etxeko txikienak une batez kazetari bihurtzea da proposamena. Egunkari bat har dezakezue eta txikiek irrati edo telebistako albistegietako aurkezleak izango dira. Benetako albisteez gain, zein albiste eman nahiko luketen galde diezaiekezue, eta, horrela, irudimena aske utzi. Jarduera hori eskulan batekin ere uztartu dezakezue, eta telebista-pantaila txiki bat eraiki, protagonista txikiak jardueran integratuago senti daitezen.
Apirilaren 8an, asteazkena, iraganera bidaiatzeko jardunaldia izango da. Haurrei asko gustatzen zaie gogoratzea jaio ziren eguna, eman zituzten lehen urratsak edo esan zituzten lehen hitzak. Haien argazki txikiak ikustea proposatzen dizuegu, egun haietako istorioak kontatzea, bai eta zuen argazki zaharrak erakustea ere, munduak, ohiturek eta modek izan duten aldaketa handia ikus dezaten, eta etengabeko aldaketen munduan bizi direla konturatu daitezen, nahiz eta horretaz ez jabetu.
Apirilaren 9an, osteguna, gure gorputza dantzan jarriko dugu. Ariketa elkarrekin egiten duen familia, elkartuta egoten da! Zumba klase bat proposatzen dizuegu, familiako kide guztiek parte har dezaten. Ariketak denok batera egin ditzakezue, edo bakoitzak ariketa bat egin dezakezue gainerakoek begiratzen zaituzten bitartean, haurren konfiantza lantzeko eta lotsaren kontzeptua normaltasunez lantzeko. Hemen uzten dizuegu zumba klase dibertigarri bat.
Apirilaren 10ean, ostirala, mozorrotu egingo gara. Baina mozorroak erostera kalera atera ezin dugunez, irudimena erabiliko dugu etxean ditugun elementuekin eta jantziekin egiteko (ez du balioko benetako mozorroak erabiltzea). Soineko bat egin dezakegu manta batekin, zaldieriazko eskularruak sukaldeko eskularruekin, karateko zintak buruarentzat gerrikoekin edo kapela dotoreak lanparen tulipekin. Irudimena boterera! Mozorroak egiteko irudimena eta eskulanak uztartu ditzakezue, eta zuen mozorroak ere egin ditzakezue hurrengo inauterietarako. Hemen ideia batzuk.
Asteburura iritsi gara. Larunbatean inoiz huts egiten ez duten mahai-joko klasikoetan jolasteko aprobetxatuko dugu, hala nola, partxisa edo Antzararen jokoa. Etxean dituzuen jokoak erabil ditzakezue, edo berriro irudimena erabili eta etxean zuen jokoak egin. Aukera asko daude horretarako. Guk gaur dakarkizuegu Emakundek egindako partxis bat, eta Nafarroako Hezkuntza Departamentuak bildutako Antzararen Joko hauek.
Azkenik, eta udaberriko oporraldiko bi asteetan lehenengoari amaiera emateko, eskulanetako lagun ezkutuan jolasteko aukera izango dugu. Eskulanak haurrekin egiteko aukera onenetakoa dira, arreta, pazientzia, psikomotrizitatea eta irudimena lantzen baitituzte. Kasu honetan, dena den, lagun ezkutuaren jokoarekin uztartuko dugu, eta familiako kide bakoitzak eskulan bat prestatu beharko du beste bati oparitzeko, bakoitzak zein opari egin duen esan gabe.
Horiek dira lehenengo asterako proposamenak, baina gehiago ditugu. Albiste honi erantsitako dokumentuan, oporren bi aste hauetarako proposatzen dizkizuegun jarduera guztien taula kontsulta dezakezue.