2020/04/23 04:00o.

Etxeko leihotik txoriak bereizten ikasiz

Aste hauetan ikusten ari garen gauzetako bat da natura hirian galdutako espazioak berreskuratzen ari dela. Horri gehitzen badiogu hegazti ezberdinen migrazio garaian gaudela, egoera ezin hobean gaude leihotik begiratu eta inguruan ditugun espezieen aniztasuna ikusteko.

"Ziur aski, eta arreta pixka bat jarriz gero, inguruan uste baino hegazti espezie gehiago ditugula konturatuko gara", esan digu Oihana Orkolaga Cristina Enea Fundazioko biologoak, hegazti horiek erakartzeko eta behatu ahal izateko aholkuak emanez. "Hirian bizi bazarete, errazagoa izango da txoriak zuen leihora hurbiltzea janari pixka bat jartzen badiezue, fruta edo haziak...".

Orkolagak dei egiten digu identifikatzeko gai garen espezieak idatz ditzagun, eta informazio hori parteka dezagun "zientzia herritarreko plataforma desberdinetan, hala nola Ornitho edo Ebird". Lehenengoan, esaterako, igande honetan bigarren #EtxeanGeratukoNaiz bioblitza antolatu dute. Ekimenaren helburua da etxetik ahalik eta txori- eta hegazti-espezie gehien bereiztea, goizeko 8:00etatik arratsaldeko 20:00etara, ondoren datuak Ornitho.eus plataforman partekatuz.

Hegaztiak identifikatzen laguntzeko, Txoriak proiekturako argitaratu genuen identifikazio-gida labur hau eskaintzen dizuegu, albiste honek atxikiturik duen dokumentuan aurki dezakezuena.

Cristina Enea Fundaziotik inguruko txoriak ezagutzera, zuen ornitologia-koadernoa osatzera eta datu horiek herritar guztiekin partekatzera animatzen zaituztegu.