2020/04/17 05:00o.

Unai Elizasu (Arrauning): "Urumea piraguan edo kanoan jaistea gure ibaia eta bere altxorrak ezagutzeko modurik politena da"

Cristina Enea Fundazioak eta Arrauning elkarteak lau urte daramatzagu HidroLogikak ekimenaren bidez elkarlanean; piraguan eta kanoan irteerak egiten dituzte Urumea bera eta hark ezkutatzen dituen altxorrak hobeto ezagutzeko. Aurtengo edizioan ere jarduera horiek programatuko dituzte, koronabirusak hori saihesten ez badu. Arrauning elkarteko Unai Elizasurekin hitz egin dugu, xehetasun guztiak eman diezazkigun.

Elizasuk elkarrizketan kontatzen digun bezala, aurtengo irteerak maiatzaren 3an, 17an, 31n eta ekainaren 14an izango dira, 12:00etatik aurrera. "Oso aktibitate erraza da: 2 edo 3 lagun sartzen diren kanoa kanadiar izeneko ontzi batzuetan Urumean behera egitea". Hasiera Donostia eta Astigarraga arteko mugan izango da, Lizeaga sagardotegiaren ondoko ontziralekuan; Loiolako ontziralekuan amaituko da, 90 minutu inguruko ibilbide "erraz" baten ondoren, eta ez du prestaketa berezirik behar.

Urumea hirian integratuta dago, oso ibai donostiarra da, baina Arrauning-eko arduradunaren hitzetan, "oso jende gutxik ezagutzen du hirian dugun altxor hau, batez ere bere tarterik garaienetan". Eta, hain zuzen ere, hori da irteera horien helburua, hurbilagotik ezagutzea batzuetan ahaztua gelditzen den Donostian hain presente dagoen elementu natural bat.

Elizasuk azpimarratu du jardueran parte hartzen duten pertsona guztiak poz-pozik geratzen direla jardueran ikusten eta bizi dutenarekin. "Esaten digute esperientzia aberasgarria dela ibaia bertatik bertara gozatu ahal izatea, eta harrigarria dela Urumearen historiaz hain gutxi ezagutzea, harengandik hain gertu bizi arren".

Elkarrizketa osoa hurrengo bideoan ikus dezakezu.


Urumeako jaitsieretan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik hemen izena ematea.