2020/04/07 08:00o.
Etxetik nekez atera gaitezkeen konfinamendu egun hauek gure leiho eta terrazetan ditugun landareak zaintzeko eta mimatzeko aprobetxa ditzakegu. Oso aukera erraza da infusio bat egitea horiek ureztatzeko, etxean dugun konpostetik abiatuta. Jose Mari Rodriguez Cristina Enea Fundazioko Eskolan Konposta eta ONdakin proiektuen arduradunak azaldu digu nola egin.
Lehen urratsa, Jose Marik kontatzen duenez, "konposta bahetzea izango litzateke, rafia zaku batean sartuz, eta hori guztia kubo batean". Litro bat edo bi ur gehituko dugu, "erabili dugun konpost kantitatearen arabera", eta hori guztia 24/48 orduz atsedenean utziko dugu (egunean pare bat aldiz zakuan dugun ur hori mugituko dugu).
Egun bat edo bi igaro ondoren, hau egingo dugu: "Zakua kubotik kendu, barruko ur guztia upelera xukatu, eta zakuaren barruan daukagun konposta gure inguruko zuhaitzak edo landareak ongarritzeko erabili ahal izango dugu", azaldu du Rodriguezek, eta gaineratu du lortu dugun infusioa "etxeko landareak ureztatzeko erabili ahal izango dugu, patogeno desberdinak agertzea saihestuz eta landareei nutrienteak edo elikagaiak gehituz".
Bideo honetan, Jose Mari Rodriguezek pausoz pauso azaltzen digu nola egin landareentzako infusioa konpostetik abiatuta.