2020/04/02 04:00o.

Marta Esnaola (Atzegi): “Txolarreak Donostiatik desagertzen ari zirela ohartzeak kezka sortu zuen taldean”

‘Hegal egiten’, zioen ‘Itoiz’ talde mitikoaren letrak. Hor dugu ere Mikel Laboaren ‘Txoria txori’ ospetsua: ‘Hegoak ebaki banizkio nerea izango zen’. Izan ere, txoria askatasunaren sinboloa dugu jendartean. Hala iltzatu zaigu betidanik gure ADN kulturalean; bi abesti konteporaneo hauek ditugu honen adibide garbi.

Txoria da askatasunaren isla, beraz, eta, zer hobe askatasun hori artearen askatasunaren bitartez irudikatzea baino: askatasuna askatasunez sortua. Hori dugu erakusketaren prozesua, eta, Donostiako txolarre kopuruaren beherakadaren arazoa, berriz, abiapuntua. Izan ere, hiriak, pixkanaka, naturari lekua kentzen baitio; hori dela bide, gero eta berdegune gutxiago daude hirigunean.

“Gaia honek kezka bat sortu du taldean eta hegazti hauei euren lekua eman nahi izan diote lan hauekin. Gure egunerokotasunean dauden animaliak dira eta horrela jarraitu behar du; naturak hirian duen lekua aldarrikatzeko eta arazoa ikustarazteko daukaten modua da erakusketa”, dio Marta Esnaola Lacunzak, Atzegi elkarteko kultur eta ikasketa ekintzen koordinatzaileak. Izan ere, Atzegiko pintura tailerrak ikasturtean zehar hirian kezkatzen dituen gaien inguruan lan egiten baitu.

Hala, herritarrek honen inguruan pentsarazteko, adimen desgaitasuna duten pertsonek margotu hogei artelanez osaturiko erakusketa antolatu dugu elkarlanean. Noiz? COVID-19aren afera pasata izango duzue irekieraren berri, oraindik zehazteke dagoelako. Atzegi eta Cristina Enea Fundazioaren arteko lehen jarduera da honakoa, eta, horregatik, Atzegi dugu aurtengo Udaberriko Egutegiko amabitxi. Erakusketaren inguruan solasean aritu gara Esnaolarekin. 

Zer moduzkoa izan da lan-prozesua? 

Ikasturte hasieran hasi ziren proiektu honekin lanean; txoriei buruz hainbat elkarrizketa izan zituzten taldean eta txolarreak desagertzen ari zirela ohartzeak kezka sortu zien. Hori izan zen abiapuntua. Pinturako tailerrak dauzkan hiru irakasleek lan ederra egin zuten eta bakoitzaren gaitasunetara moldatu ziren; kasu batzuetan, nahikoa lan librea egin dute, beste batzuetan, irakasleen gida batzuetatik abiatuta sortu dute euren lana eta beste batzuek laguntza gehiago behar izan dute. 

Zer teknika erabili dituzte marrazteko?

Hiru irakasleek, Ibonek, Carmenek eta Elenak, nahikoa baliabide ematen dizkiete nahi dituzten teknikak lantzeko. Arkatzak, errotulagailuak, margoak... dauzkate, baina gehienek akuarela erabiltzen dute batez ere. 

Zer islatu nahi izan dute marrazkien bitartez?

Txolarreak, lehen kalean edozein momentutan ikusten genituen txoriak, desagertzen ari dira hiriguneetan. Honek kezka bat sortu du taldean eta hegazti hauei euren lekua eman nahi izan diote lan hauekin. Gure egunerokotasunean dauden animaliak dira eta horrela jarraitu behar du; naturak hirian duen lekua aldarrikatzeko eta arazoa ikustarazteko daukaten modua da erakusketa. 

Badakigu txolarreak marraztu dituzuela, baina zer landu da zehazki? Baloreak? Diseinua? Estiloa? Lankidetza?  

Abiapuntua euren kezka bat izan denez, honek duen esanahia, naturak duen garrantzia eta abar izan dira garrantzitsuak eta balore horiek lantzeak indar handia izan du. Lankidetzak ere garrantzia handia dauka; lan askotan, beste kide baten laguntza izan dute margolariek eta artelan batzuk ere binaka edo taldean burutu dira. Lankidetza oinarrizkoa da. 

Pintura tailerra izanik, diseinuak, estiloak, teknikak... garrantzia dute, noski, eta hobetzen saiatze dira, baina ez da gehien landu dena.

Denon arteko giroa zer moduzkoa izan da? 

Oso ona, taldeko pertsona bakoitzak bere interesak ditu eta horiek lantzen saiatzen da. Irakasleen laguntzaz, dena partekatzen saiatzen dira. Elkarlana ere taldearen oinarrietako bat da eta horrek giro on bat sortzen du, noski. 

Cristina Enea eta Atzegiren arteko lehen lankidetza-proiektua izan al da?

Nik dakidala, bai, baina ez nago ziur. Lehenengoa bada ere, ez da azkenekoa izango. Oso erraza izan da guztia, ikasleek proposatutako zerbait izan da erakusketa hau, eta aurrerago proiektu gehiagotan batera aritzea gustatuko litzaiguke. 

Zer suposatzen du zuentzat Cristina Enea Fundazioko agendako amabitxi izatea? 

Ohorea da. Alde batetik, pintura tailerreko ikasle eta irakasleei euren lekua eta garrantzia eman zaie, eta hori beti da pozgarria. Bestalde, Atzegiren lana eta helburuak gizartearen zati handiago batera iristen laguntzen digu honek; elkarteak inklusioaren alde egiten duen lana ikustarazten eta balorean jartzen du, eta oso eskertuta gaude horregatik.