2020/03/24 04:00o.

%80tik gorako kutsadura jaitsierak astebetean Nafarroako hiriguneetan

Autoek igortzen duten nitrogeno dioxidoa (NO2) da zehazki kopuru handietan jaisten ari den gasa. Hainbat tokitan, esaterako Iruñean eta Altsasun, %80tik gorako jaitsierak izan dira. Nafarroako hamar gunetan daude kutsadura mota hau kontrolatzeko neurgailuak eta horietatik Iruñean, Tuteran, Hiriberrin eta Altsasuan jaitsi da gehien, Diario de Noticias-ek dioen arabera.

Altsasun, adibidez, %86ko jaitsiera izan da, airean dagoen NO2 kopurua 29 mikrogramotik 4ra jaitsiz. Gainerakoan, beherakada nabarmenenak Iruñean izan dira. Martxoaren 11koa ohi baino kutsakorragoa izan zen eta Iruñeako Gurutze Plazan ordutik eta hilaren 19ra arte %82ko jaitsiera izan zen; kutsadura ohikoagoa izan zen martxoaren 12arekin erkatuta ere jaitsiera oso handia izan zen, %67koa. Iturrama auzoan %83ko jaitsiera eta Arrotxapean %75,6. Tuteran bi neurgailu daude eta beherakada handiena izan duenak %56,25 jaitsi da.

Kutsaduraren beherakada hauek ohikoak izan ziren Txinan eta beste hainbat lekutan ere. Iragan astearteko datuak jasota, Bartzelonan astebetean %45eko jaitsiera izan zen eta Madrilen %75, Greenpeaceren arabera. Nafarroako datuek airearen kalitatea neurtzen duen Nafarroako webgunean ikus daitezke.


Jatorrizko albistea Argia.eus webgunean argitaratua.