2020/03/13 08:00o.
Koronabirusa, eta haren hedapenak eragindako krisia, errealitate bat da jada gure ingurune hurbilenean, eta, Donostiako Udalak bezala, Cristina Enea Fundazioak ere neurriak hartu behar izan ditu haren eragina murrizteko, bai fundazioaren plantillan, bai herritarrengan. Hemen gogorarazten dizugu nola eragingo dion koronabirusak Cristina Enea Fundazioaren ohiko jarduerari.
Hasteko, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxea, eta 2012tik fundazioak kudeatzen duen Ulia Interpretazio Zentroa, itxita daude gaurtik, martxoaren 13tik, hain zuzen ere. Nahiz eta langile batzuk bi ekipamenduetara joan lanera, eta beste batzuk telelanaren bidez lanean ari diren etxean, ateak itxita egongo dira jendearentzat, beste abisu bat eman arte. Cristina Enea Fundazioko zuzendari Txema Hernandezen hitzetan, "gure ohiko jarduerara lehenbailehen itzuli ahal izatea espero eta nahi dugu, baina neurri horiek beharrezkoak dira Cristina Enea Fundazioko langileen eta gure jardueretan parte hartzen duten pertsona guztien segurtasuna bermatzeko".
Ulia mendian dagoen Interpretazio Zentroa ere itxita egongo da gaurtik hasi eta abisu berria eman arte. Oihana Orkolaga Interpretazio Zentroko arduradunak adierazi duenez, "asteburu honetarako programatutako hegaztiak identifikatzeko tailerra bertan behera geratu da", eta "ospatzeko data berriak" bilatzen saiatuko direla gaineratu du. Oraingoz, aipatutako tailerraz gain, datozen asteetarako antolatutako gainerako jarduerak ere bertan behera geratu dira, eta ikusteke dago udaberriko opor garairako iragarritakoak mantentzen diren.
Udaberriko agenda, koronabirusak aldatua
Datorren martxoaren 18an Cristina Enea Fundazioak udaberri honetarako programatutako jarduera guztiak biltzen dituen agenda argitaratuko du. Hala ere, koronabirusaren krisiak agendan iragarritako hainbat jarduera bertan behera uztea eragingo du (kasurik onenean, jardueretako batzuk atzeratu ahal izango dira). Gertaeren azkartasunak ez digu agenda aldatzeko aukerarik eman, dagoeneko amaituta baitzegoen neurri horiek hartu behar zirenean. Horrela, ASTEKLIMA 2020 (Klima-aldaketaren Euskal Astea) kanpainaren baitako ekintza guztiak beste abisu bat jaso arte atzeratuko dira. Cumbres climáticas. ¿Y ahora qué? hitzaldia, Agora K2050 zikloaren barruan iragarritakoa, bertan behera geratuko da, bai eta Gazteria Europako ingurumen politiken aurrean argitalpenaren aurkezpena eta Uraren zauriak erakusketaren inaugurazioa ere, martxoaren 25 eta27rako programatuta, hurrenez hurren.
Agendako gainerako jarduerak eta programak koronabirusaren krisiaren bilakaeraren arabera garatuko dira, eta ohiko bideetatik puntualki informatuko da.
Maileguak dokumentazio-zentroan
Cristina Eneako Dokumentazio Zentroan egindako liburuen eta argitalpenen maileguei dagokienez, jakinarazten da entregatzeko epea datorren martxoaren 31ra arte luzatzen dela, eta ez dela inola ere isuna jartzeko arrazoi izango denboraldi horretan aleak itzultzea.
Cristina Enea Fundaziotik barkamena eskatu nahi dugu neurri horiek herritarrengan sor dezaketen edozein eragozpenengatik.