Ekimena Donostian

Cristina Enea Fundazioak eta Donostiako Udalak sustatuta, EHUren, Emausen eta +55 programaren lankidetzarekin, proiektu pilotu bat jarri dugu abian, hiriko berdegune batzuk baso-bainuak egiteko egokiak ote diren frogatzeko. Horrela, natura-gune egokien sare bat ezarri ahal izango litzateke, Donostia inguruan baso-bainuen saioen programa egonkor bat egiteko, honako onura hauekin:

  • Osasunaren esparrua: osasun-baliabide gomendagarri berri bat izatea arazo fisiologikoak (gaixotasun kardiobaskularrak, presio arteriala, diabetesa) edo psikologikoak (antsietatea, estresa, depresioa) dituzten pertsonentzat.
  • Gizarte-esparrua: desparekotasun-, kalteberatasun- eta gizarte-bazterketako egoeretan dauden pertsonentzako jarduera egokiak eskaini ahal izatea, jakin-mina eta pentsamendu kritikoa, segurtasuna eta konpetentzia, eta taldearen eta naturaren arteko lotura sustatzen baitituzte.
  • Ingurumen-eremua: baso-bainuak egiteak balioa gehitzen die baso-ekosistemei; izan ere, naturarekiko kontaktua berreskuratzea bilatzean, indartu egiten du herritarren eta natura-ingurunearen arteko lotura, eta naturaren balioa nabarmentzea eta babestea errazten du.

2021eko udaberrian, 8 saioko hainbat esku-hartze egingo dira. Saio horietan, mota desberdinetako 3 taldek baso-bainuak egingo dituzte hiriko hainbat naturgunetan, gidari espezializatuek gidatuta.