Solas Enea podcasteko lehenengo atalean haziak izango ditugu mintzagai, eta horretarako bi aditu izango ditugu gurekin. Eta zuek esango duzue agian: “Haziak?? Ez zaizkit asko interesatzen ba”. Ba, utzidazue esaten, gurekin geratzen bazarete, harrituta geratuko zaretela gure gaurko protagonistek kontatuko dizkiguten hainbat eta hainbat konturekin. Hasteko ez gara ariko haziei buruz orokorrean, baizik eta hazi mota bati buruz, edo hobeto esanda, elikagai jakin baten haziei buruz. Bioingeniaritza, biopirateria, terminator haziak edota kontu honetan guztian Bayer etxeak eta Aretxabaletako tomateak zer paper jokatzen duten ikusiko dugu.