15/02/2017 12:00h.
Bidasoko Hazien Saretik atsegin haundiz jakinarazten dizuegu aurten ere Beran Hazien Eguna eginen dugula, eta idazki honen bidez, besta honetara gonbidatzen zaituztegu. Martxoaren 5ean izanen da. Bidenabar, aipatu nahi dugu astebete lehenago, otsailaren 27an, Erratzun ere eginen dela Hazien Eguna.
Hala bada, gogo haundiz erraten dizuegu zuen ekarpena garrantzitsua zaigula gure eskualdean etxean egiten ditugun haziak ezagutzeko, mantentzeko, eta zabaltzeko.
Hazien besta goizeko 10.30etan hasiko da, Rikardo Baroja eskolako idorpean. Han mahai batzuk izanen dira, ekartzen diren haziak paratzeko, eta noski, han direnak nahi dituenak hartzeko. Mahai horien inguruan, hazi bakoitzari buruzko ezagutzak elkarbanatuko ditugu: Nondik lortuak diren, noiztik egiten ditugun, horietatik sortzen diren landareak nolakoak diren, zein berezitasun dituzten... Iaz solasaldi aski ederrak izan genituen Hazien mahaien inguruan!
Hamaiketakoa egiteko aukera izanen dugu, etxeko artoa eta barazkiak baliatuz prestatutako janariak izanen baititugu.
Eguerdi aldera Solasaldi Irekia ere eginen dugu. Bakoitzak zer ikasi edo mintzatu nahi duen erran ahal izanen du, eta gai horien arabera taldetan bildu eta arituko gara.
Besta borobiltzeko, bazkaria eginen dugu: Norberak etxean prestatutako ilarrak eta barazkiak ongi etorriak izanen dira, eta guk prestatutakoarekin batean, bazkari eder bat osatzea espero dugu.