Cristina Enea Fundazioak bigarren urtez jarraian udalekuak antolatu ditu Ulia Interpretazio Zentroan. Eskaintza 6 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta egunean 4 orduz Ulia bezalako ingurune paregabeaz gozatu ahal izango dute, ekainaren 30etik uztailaren 4ra bitarteko astean zehar naturan bertan egingo diren jarduerekin. Berritasun gisa, eta iaz parte hartu zuten familien eskariaren aurrean, aurten matrikulak autobus zerbitzu propioa eskainiko du hiritik Uliara.
Ulia Interpretazio Zentroko arduradun Oihana Orkolagaren esanetan, «frogatuta dago naturarekin harremanetan hazteak onurak dituela haurren garapenean, eta adin-tarte bakoitzak naturarekin harremanetan jartzeko modu berezia duela». Horregatik, jakin-minez eta ekiteko gogoz beteriko etapa honetan, natura, eta zehazkiago Uliako basoa, ingurune paregabea da bakoitzaren gaitasunak garatzeko tresnak eta ezagutzak eskuratzeko. «Bigarren urtez jarraian martxan jartzen ditugun udaleku hauen bidez, lehen urratsak emango ditugu gazteengan naturarekiko errespetua eta maitasuna modu ludikoan garatzeko, eta, horrela, gure hiriko altxor berde honen zaintzaile bihurtzeko», gehitu du Orkolagak.
Alde horretatik, Dibertsitate, Inklusio eta Ingurumeneko zinegotzi Iñigo García Villanuevak horrelako ekimenen garrantzia nabarmendu du: «Naturarekiko harremana funtsezkoa da txikienen garapenean, haien ingurunea modu paregabe batean ezagutzeko, esperimentatzeko eta haiekin konektatzeko aukera ematen baitie. Udaleku hauen bidez, aire zabaleko jokoaz eta abenturaz gozatzeaz gain, funtsezko balioak ere eskuratzen dituzte, hala nola ingurumenarekiko errespetua eta lankidetza. Udaletik, ingurumen-hezkuntza sustatzen duten eta haurrei naturan bertan ikasteko espazioak eskaintzen dizkieten proposamenak babesten jarraituko dugu».
Taldeak mugatuak izango dira esperientzia ahalik eta aberasgarriena izan dadin parte-hartzaileentzat, eta jorratuko diren gaien artean Uliako bitxikeriak, bertako anfibioak eta hegaztiak, eta Uliako zuhaitzak eta intsektuak daude, besteak beste. «Horretarako, metodologia berezi bat garatuko da jolasaren, behaketaren, esperimentazioaren eta ibilaldien bidez, Uliako naturaren eta aberastasunaren balioa modu didaktikoan ezagutzeaz gain, esperientzia ludiko bat ere izan dadin», azaldu du Interpretazio Zentroko arduradunak.
Orkolagak azpimarratu nahi izan du meteorologia ez dela aitzakia izango udalekuetan parte hartzeko: «Jarduerak baldintza meteorologiko guztietara egokituta daude eta kanpoan egin ezin diren jarduerak Uliako Interpretazio Zentroan bertan egingo dira».
Ordutegia 9:30etik 13:30era izango da, eta, berrikuntza gisa, aurten matrikulak hiritik Uliara doan autobus zerbitzua barne hartzen du. Matrikula 90 €-koa izango da pertsonako eta aurreinskripzioak lotura honen bidez egin behar dira.