Berriak

2024/10/1 HaurrakIngurumen Baliabideen EtxeaUliako Interpretazio Zentroa

Haurrei zuzendutako jardueraz beteriko asteburua Cristina Enean eta Ulian

Udazkenean murgildurik, urriko lehen asteburuan Cristina Enean eta Ulian haurrei zuzendutako jarduera bana antolatuko dira. Urriaren 5ean, larunbata, Ulia Interpretazio Zentroan izango da hitzordua, bertan antolatu baita Txoria txori jarduera. Tenperatura leunagoak iristen ari diren honetan, eta negua hurbiltzen ari dela, tailer honen bidez aterpea emango diegu meteorologia kaltegarriagoa agertzen denerako. "Gure hiriko parke eta zuhaitzetan txori txiki ugari bizi dira, hala nola txolarreak, kaskabeltzak eta txantxangorriak, eta haientzat etxetxoak egingo ditugu gure balkoietan jartzeko, naturaren elementuekin eraikiz", azaldu du Oihana Orkolaga Ulia Interpretazio zentroko arduradunak. Haurrentzako tailerra da, 11:30ean hasiko da, euskaraz egingo da eta Interpretazio Zentroan bertan egingo da. Habia-kutxei esker, "txoritxoek negu ona igaroko dute eta behar duten janaria eskainiko diegu eta, horren truke, goizero agurtuko gaituzte euren kantu alaiekin egun onak emanez", gaineratu du Orkolagak.

Igandean, bestalde, programazioa Cristina Enea parkera eramango dugu. Bertan, liburu arteko piknika egingo da bigarren urtez jarraian, Mestiza Elkartearekin elkarlanean. Cristina Enea Fundazioko Ingurumen Hezkuntza saileko Uxua Aranaren esanetan, "haurren artean irakurketa-ohiturak sustatzen saiatzen den jarduera da, ipuin kontalarien, liburuen eta ingurumen-gaietako abestien bidez, Cristina Enea bezalako ingurune pribilegiatu batean". Hitzordua 11:00etan hasiko da, eta goiz osoan zehar iraungo du. Antolatzaileek piknikekin eta esterilekin "literaturaren mundu magikoaz gozatzera eta gure parkeetako natura eta biodibertsitatea ezagutzera" animatzen dituzte pertsonak.