Cristina Enea Fundazioaren kultura-programazio zabalaren funtsezko zutabeetako bat erakusketa-proiektuen eskaintza zabala da. 2009an ireki zenetik, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxeak ehun erakusketa baino gehiago hartu ditu, eta 2019tik aurrera erakusketa bat gailendu da, bisitari kopuruari dagokionez. Miquel Aparici artista katalanaren Zooteka erakusketa da; 2019an, hondakin eta elementu birziklatuetatik sortutako hainbat animaliaren erakusketa batekin etorri zen Donostiara. Metalezko piezekin egindako errinozero erraldoi bat izan zen piezarik zirraragarriena, berrerabilitako pneumatikoekin egindako gorila eder batez gain. Guztira, 6.038 lagunek bisitatu zuten erakusketa hura.
5 urte geroago, beste erakusketa batek Aparicirena gainditu du. Hazi hegalariak, Berastegin bizi den María Cueto artista asturiarrarenak, 9.300 pertsona baino gehiago erakartzea lortu du ekainaren 27an inauguratu zenetik, hazi mota desberdinekin sortutako lan eta pieza delikatuez gozatzera, oreka naturalaren hauskortasunari eta naturarekin dugun harremanari buruz hausnartzeko helburua duen erakusketa honetara. "Erakusketak gure aurreikuspen onenak gainditu ditu; batez beste 116 bisitari izan ditu egunean, eta arrakasta handia izan du gurea bezalako erakunde batentzat", jakinarazi du Eneko Calvo Cristina Enea Fundazioko erakusketa-proiektuetako teknikariak.
Jende asko etortzea ahalbidetu duten faktoreen artean, Calvok honako hau nabarmendu du: "erakusketak oso modu berezian konektatu du jendearekin, batez ere emakumezko publikoarekin, gehiengoa izan baita, piezen hauskortasunari, dotoretasunari eta sotiltasunari esker eta artistak haien bidez helarazi nahi izan duen mezuari berari esker". Gainera, Calvok gaineratu du Cristina Enea Fundazioaren erakusketa-proposamenek "gero eta interes handiagoa dutela ikusleen artean", eta bisitarien gorakada "duela urte batzuetatik hona etengabea" dela, eta horrek sendotu egiten duela zentro honek hiriko erakusketa-eskaintzaren panoraman duen lekua.
Ez da ahaztu behar, gainera, udan hurbiltzen dela jende gehien Cristina Enea parkera bertako txokoez gozatzera. Bisita horiek aprobetxatuz, gehienak Mandasko duke-dukesen jauregira ere sartzen dira bertako instalazioak eta erakusketak bisitatzera. Hala, abuztuaren 21a izan da erakusketak pertsona gehien jaso dituen egunetako bat, 236 bisitarirekin, hain zuzen ere. Nolabahi ere, irailaren 14a izan da, erakusketak ateak behin-betiko itxi aurreko eguna, bisitari gehien jaso duena: 441.
Igandetik aurrera, Cristina Enea Fundazioaren webgunearen bidez modu birtualean bisita daitezkeen erakusketen zerrenda handitu egin da, eta, beraz, bertara joaterik izan ez duen edonork edozein gailu mugikorren bidez bisita birtual batean bisitatu ahal du Hazi hegalariak erakusketa..