Berriak

2023/11/17 Uliako Interpretazio Zentroa

Orientazioa eta naturaren zaintza Ulian

Ulia Interpretazio Zentroak kirola eta ingurumen-sentsibilizazioa uztartuko dituen jarduera prestatu du azaroaren 25erako, larunbata. Busca tu camino por la naturaleza ekimena da (oraingoan gazteleraz egingo da), GOTekin (Gipuzkoako Orientazio Taldea) elkarlanean antolatua. Oihana Orkolaga Ulia Interpretazio Zentroko arduradunak azaldu duenez, "ingurune hau ezin hobea da orientazioaren kirolean hasteko, zailtasun desberdineko zirkuituak egin baitaitezke, pertsona bakoitzaren esperientziaren arabera".

Kasu honetan, partehartzaileek GOTeko kideen azalpenak jasoko dituzte, plano batean beren burua kokatzen eta orientatzen ikasteko, eta bertan adierazitako balizak aurkitzea lortzeko. "Orientazio-zirkuituen helburua mapak markatzen duen ibilbidea osatu eta amaieraraino iristea da, baliza guztiak topatuz, ahalik eta denbora laburrenean, lehiaketen kasuan". Hala ere, datorren azaroaren 25eko jarduerak ez du izaera konpetitiborik, kirol hau eta Uliako txoko berezienak ezagutarazi nahi ditu, orientazioaren oinarrizko nozioak ikasiz. 10 urtetik gorako gazteek (heldu batez lagunduta) edota familiek  parte hartu ahal izango dute.

Orientazioaren jardueraz gain, ekimen honek naturguneak garbi eta hondakinik gabe mantentzearen garrantziaz kontzientziatu nahi du, eta, beraz, izena ematen duten pertsonek "lan horretan lagunduko dute, mendian zehar ibilbide eta zirkuituetan zehar aurkituko ditugun hondakinak bilduz", adierazi du Orkolagak. "Gainera, ondo egindako lanaren truke, parte-hartzaileek sariren bat eraman ahal izango dute etxera".

Izen-emateak hemen daude zabalik (2 euroko fidantza pertsonako).

Jarraian, azalpen labur batzuk eta orientazioaren kirolari buruzko oinarrizko nozio batzuk emango dizkizuegu.