Cristina Iglesias artistaren Hondalea obra doan bisitatu daiteke Santa Klara uhartean joan den ekainaren 1etik. Hala ere, obrara eta uhartera bisita gidatuak ere egin daitezke. Bisita horiei esker, Iglesiasen lanari buruz gehiago ikasi ahal izango dugu, baina baita uhartearen ingurumen-aberastasunari buruz ere. Bideo sorta batean xehetasun deigarrienak erakutsiko dizkizuegu.
(Bideoa albistearen amaieran).
Lehenengo bideoan, José Mª Hernándezek, Cristina Enea Fundazioko zuzendariak, Santa Klara uhartearen eraketari buruz hitz egin digu. Hernandezek azaldu duenez, hasiera batean bi uharte zeuden Kontxako badian, Santa Klara eta Urgull, "baina denborak aurrera egin ahala, eta olatuek eragindako etengabeko hondar-ekarpenarekin, hondar-mingaina pilatzen joan zen bien alde babestuan". Cristina Enea Fundazioko zuzendari eta zientzia geologikoetan doktoreak dioenez, "Santa Klarako hegoaldean hondartza txiki bat sortu zuen", eta Urgull uhartearen kasuan, "Urumea ibaitik zetorren hondarra sedimentatu egin zen, uhartea kontinentearekin lotuz".
Santa Klara uharteko biodibertsitateari, historiari eta ingurumen-aberastasunari buruzko datu bitxi gehiago jakin nahi badituzu, kontrata ezazu hemen abuztuaren 31ra arte euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez eskuragarri dauden bisita gidatuetako bat (prezioa 25 € pertsonako).