Berriak

2018/12/3 ElkarrizketakErakusketak

Kimia Kamvari: "Lan guztiak lekuan bertan garatu ditut, ingurunearekin dudan harremanaren emaitza, natura pentsatzeko modu bat bezala"

Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean erakusketa berri bat dago ikusgai iragan azaroaren 22tik, Kimia Kamvari artista iraniarraren Nature Change. Erakusketa artistak ingurunearekin duen harremanaren fruitu da, natura pentsatzeko bere modu partikularra. Hezurrak, esnea, ikatza edota errautsak bezalako material organikoa erabiliz Kimiak espazio eta giro berezia sortzen ditu, materiak eta bizitzak, arteak eta naturak bat egiten duten leku zirraragarria.

Erakusketan batutako piezak artista iraniarra duela hiru urte Euskal Herrira etorri zenetik eginiko lanen adibide bat dira, argazkilaritza, pintura eta marrazketa uztartuz, hor dugunaren eta irudikatuta dagoenaren arteko distantzia, bizi-formen iraunkortasuna eta existentziarekiko immanentea balitz bezala heriotzaren bilakabidea zalantzan jarriz, denbora ziklikoaren ahalmenari buruz galde eginez. Berarekin izan gara solasean bere lana gehiago ezagutzeko.

Zer erakusketa dakarzu Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxera? Zer ikusi ahal izango dute bisitariek?
Erakusketak Mandasko Dukeen jauregiko bigarren solairuko bi gelak hartzen ditu. Nire egungo bizileku den Astigarretan garatu dudan lanen aukeraketa batekin bete dut bertako espazioa. Oso erakusketa anitza da, lan mota ezberdinekin. Lan guztiak lekuan bertan garatu ditut, ingurunearekin dudan harremanaren emaitza, natura pentsatzeko modu bat bezala.

Zer teknika darabilzkizu erakusketan ikusgai dauden lanak egiteko?
Material organikoekin egin dut lan, esaterako hezurrak, esnea, ikatza, errautsak, haziak, hostoak, perretxikoak... Argazkilaritza, marrazketa eta pintura ere presente daude erakusketan.

Irandik Euskal Herrira etorri zinenetik egin dituzun lanak dira, ezta? Hemen hasi al zinen marrazten?
Bai, hona iritsi nintzenetik egin ditudan lanak dira ikusgai daudenak. 14 urte nituenetik margotzen dut, baina erakusketa hau ez da horren adierazgarri. Esango nuke urte hauetan zehar pintura alboratzen saiatu naizela eta hemen ikusgai dauden lanek hori adierazten dute.

Zein da zure lanek igorri nahi duten mezua? Oso ilun eta hunkigarriak dirudite...
Ez dago aurrez ezarritako mezurik. Naturaren inguruan egiten dudan hausnarketa proiektatzeko teknika egokiena aurkitzen ahalegindu naiz, errepresentazio piktoriko batetik haratago joateko.

Bakoitzak bere ulermen propioa duen gai bat da hau. Edonork noizbait manipulatu edo bizi izandako gauzak daude nire lanetan. Zentzu horretan, John Bergerrek arteari buruz esandakoa gustatzen zait: "ez da asmatzeko gaitasuna, baizik eta argitzeko ahalmena".

Hiru urte hauetan denbora landagune batean pasatzeko aukera izan dut, denboraren eta materiaren manifestazioak behatzeko aukera. Besteekin esperientzia hori partekatzeko modua da erakusketa.

Erakusketaz gain, jarduera paraleloak ere antolatu dira, besteak beste bisita gidatuak eta mahai-inguru bat. Zertan datza jarduera bakoitza?
Erakusketara pare bat bisita gidatu egongo dira. Lehenengoa neronek egingo dut, gazteleraz, eta bigarrena, euskaraz, Nader Koochaki erakusketaren komisarioak egingo du. Mahai-inguru bat ere antolatu dugu non ilargiaren eraginari eta mikologiari buruz hitz egingo dugun, erakusketarako bereziki egin dugun Efemerideak piezan ikus daitekeen gaia.


Erakusketa ikusgai egongo da 2019ko otsailak 22ra arte.

Irudia: Flickr.