Berriak

2021/4/15 Ingurumen albisteak

Frantziak debekatu egingo ditu trenez bi ordu eta erdi baino gutxiagoan egin daitezkeen hegaldi nazionalak

Frantziako Batzar Nazionalak bi ordu eta erdian edo gutxiagoan trenez egin daitezkeen hegaldi guztiak debekatzearen alde bozkatu du. Apirilaren 10ean egin dute pasa behar dituen hiru bozketetatik lehena, orain Senatura eramango baitute tramitea jarraitzeko. Neurria Frantziako Errepublikako Klima Aldaketaren Legearen barruan dago.

Legearen helburua 1990eko mailekin alderatuta karbono-isuriak %40 murriztea da, hemendik 2030era bitartean. Hala ere, hasierako zirriborroak lau ordu baino gutxiagoko tren-ibilbideak aipatzen zituen eta ez bi ordu eta erdikoak, azkenean erabaki den bezala. Espainiako estatuan izen bereko araua onartu berri dute Kongresuan, eta Senatura ere igaro da. Azkenean, helburua %23ko murrizketan utzi du, eta ez du barne hegaldien debekua planteatzen.

Hegazkinek berotegi-efektuko gasen %5,9 isurtzen dute
Aire Segurtasunerako Europako Agentziaren txosten batek, hegazkintzaren eragin klimatikoa uste zena baino hiru aldiz handiagoa dela dioen ikerketa bat berretsi eta urte erdira iritsi da Frantziako Gobernuaren erabakia. Aire-konpainiek larrialdi klimatikoari urtero egiten dioten ekarpena berotegi-efektuko gas guztien %5,9a izango litzateke, eta ez %2a industriak defendatzen zuen bezala.

Apirilaren 10ean hartutako erabakia onartuz gero, herrialdeko barne-hegaldiak ia desagertu egingo lirateke Frantziako estatuaren agindupeko lurralde kontinentalean.

Zenbait talde ekologistek barne hegaldiei betoa jartzeko Gobernuaren plana zalantzan jarri dute,  trenez lau ordu baino gutxiagotan bete daitezkeen distantziak debekatzearen alde agertu baitira. Industriak, ordea, gogor kritikatu du erabakia, azken urteetako hegaldi kopuruaren beherakadaren ostean etorri delako neurri berria.

Asanblea Nazionalean lege klimatikoa onartu eta egun gutxira, Europako Batzordeak oniritzia eman zion Frantziako Gobernuak Air France erreskatatzeari. Frantziak 4.000 milioi emango dizkio hegazkin konpainiari eta Estatua lehen akziodun izango da, akzioen %30a baitu dagoeneko.


Jatorrizko albistea eta irudia: Argia.eus