Berriak

2021/2/23 ErakusketakUliako Interpretazio Zentroa

Donostiako hegazti habiagileak ezagutzen

Donostian habia egiten duten hegazti-espezieak eta beren kokaleku arruntenak ezagutzea da Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Donostiako Udalak, hiriko elkarte ornitologiko guztien eta Cristina Enea Fundazioaren laguntzarekin, 2017an hasitako AtlaSS proiektuaren helburua. Egitasmoaren lehen bi urteetan, 2017an eta 2018an, hegazti habiagileak identifikatzeko landa-irteerak egin ziren. 2019an, proiektuaren amaierako produktuaren datuak eta prestaketa egin ziren, eta 2021. urtean zehar argitaratuko da: Donostiako hegazti habiagileen atlasa, gure udalerrian hazten diren hegazti espezie guztien deskribapen-testuak eta mapak izango dituen liburua.

Ikerketaren argitalpena aprobetxatuz, Cristina Enea Fundazioak erroldan azaltzen diren zenbait hegaztiren laminak eta fitxak biltzen dituen erakusketa inauguratu du Ulia Interpretazio Zentroan. "AtlaSS argitalpenaren aurrerapen gisa, Cristina Enea Fundazioak 2021eko egutegia argitaratu du iragan abenduan, Donostian habiak egiten dituzten hegaztien lamina eta deskribapenekin, eta erakusketa hau ere antolatu dugu, Ulian martxoaren 21era arte ikusgai egongo dena", adierazi du Oihana Orkolaga Ulia Interpretazio Zentroko arduradunak. Raúl Dominguez Pazoren dozena bat ilustrazio biltzen dituen erakusketa da, eta, bertan, espezie bakoitzaren ezaugarri berezienak jasotzen dira. "Helburua", gaineratu du Orkolagak, "erakusketa bisitatzen duten pertsonek espezie horiei buruzko zerbait ikasi ahal izatea da, eta gure herrian non behatu dezaketen jakitea".

Horrela, mika, garrapoa, euli-txori grisa edo mozoloa bezalako espezieak, lamina zoragarri batzuen bidez azaltzen dira, erakusketara hurbiltzen diren pertsonen arreta erakarriz.

Orkolagak, gainera, gogorarazi du dagoeneko egin daitekeela AtlaSS: Donostiako hegazti habiagileen atlasa argitalpenaren aurre-erreserba, Aranzadi Zientzia Elkartearen bitartez.


AtlaSS ekimenari buruzko informazio guztia, hemen.